Gizartea -

Koronabirusa

Hasi dira maskarak banatzen metro, tren, autobus eta tranbia geltokietan

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak esan du "gogoragarri gisa" balio dutela "bitarteko eraginkor" gisa baino gehiago, "higienikoak baitira, ez sanitarioak". Geltokietan emango dituzte.

Espainiako Gobernuak bidalitako maskarak banatzen hasi dira Hego Euskal Herriko geltokietan.
Espainiako Gobernuak bidalitako maskarak Gasteizera iritsi dira
Garraio publikoan maskarillak banatzen hasi dira

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Babes Zibileko, DYAko eta Gurutze Gorriko kideek erabili eta botatzeko maskarak banatuko dituzte gaur, asteartea, eta bihar, asteazkena, autobus, metro, tranbia, tren eta Donostiako Topoaren geltokietan, Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak Radio Euskadin esan duenez, eta azaldu du garraio publikoaren erabiltzaileei soilik emango zaizkiela, bertan zailagoa baita segurtasun tartea gordetzea.

Sailburuordearen hitzetan, funtsezkoak ez diren jardueretako lanpostuetara (etenda egon dira aurreko bi asteetan) joateko banatuko dituzten maskarak "gogoragarri gisa" balio dute covid-19aren aurkako "bitarteko eraginkor" gisa baino gehiago, maskara "higienikoak" baitira, ez "sanitarioak".

Zubiagak azpimarratu duenez, "maskarek ez dituzte ordezkatzen covid-19aren aurkako babes neurri nagusiak": garbitasuna eta pertsonen arteko tartea. "Kutsatzeak saihesteko laguntzen dute, nolabait, baina ez eskuak garbitu eta pertsonen arteko tartea gorde ezean", azaldu du.

"Ez dira maskara sanitarioak, ezpada higienikoak", zehaztu du Zubiagak; "paperaren moduko material batez eginak daude eta gomak soilik ukituz jarri eta botatzekoak dira". Etorkizunean, "beste mota bateko maskarak" iritsiko direla adierazi du.

Banaketa

Babes Zibileko boluntarioek 494.000 maskara higieniko banatuko dituzte asteartean eta asteazkenean EAEko garraio publiko kolektiboko gune nagusietan, lanera itzuli direnentzat, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Espainiako Osasun Ministerioak emandako maskarak lurralde historikoen biztanleriaren eta aurreikusitako joan-etorrien arabera banatuko dituzte. Hala, Bizkaian 258.000 jasoko dituzte; Gipuzkoan, 162.000; eta Araban, 74.000.

Gasteizen, Gurutze Gorria arduratuko da banaketaz, eta autobus, tranbia eta tren geltokietan emango dituzte maskara higienikoak.

Amurrioko eta Laudioko Euskotrenen geltokietan, Gatzaga Buradonen eta Gaubean Babes Zibileko taldeak arduratuko dira banaketaz.

Gipuzkoan eta Bizkaian, DYAko eta Babes Zibileko boluntarioek emango dituzte maskarak, Bilboko eta Donostiako autobus, metro eta tren geltokietan (Dbus, Bilbobus, Lurraldebus, Metro Bilbao, Euskotren, Bizkaibus eta Renfe).

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du "borondatezkoa" dela maskararen erabilera, eta osasun aholku nagusiak urruntze soziala eta eskuak etengabe garbitzea direla.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak albisteak Metro Bilbao albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Euskotren Gasteizko tranbia albisteak gaur Bilboko tranbia Donostiako metroa Garraio publikoa Koronabirusa Maskarak covid-19 Donostiabus azken ordukoa