Gizartea -

Koronabirusa

Euskal enpresak, koronabirusaren diagnostikoa bizkortzeko test batean lanean

Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako hainbat enpresa koronabirusarekin lotutako proiektuetan ari dira lanean.

EAEko teknologia parkeetako (argazkian, Miñao) enpresen jardueraren berri eman du SPRIk
Arabako Teknologia Parkea
EAEko teknologia parkeetako (argazkian, Miñao) enpresen jardueraren berri eman du SPRIk

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako teknologia parkeetako hainbat enpresa koronabirusarekiko infekzio goiztiarra aurreratzeko metodoak gauzatzeko lanean ari dira, eta beste enpresa batzuk gaixotasunaren ondorioei aurre egiteko tratamenduen bila dihardute.

SPRI enpresen garapenerako agentziak biozientzien eta osasunaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko teknologia parkeetan “presentzia nabarmena” duten bi esparrutan, eta manufakturan eta eranste industrian hainbat euskal enpresa lantzen ari diren proiektuen berri eman du.  

Besteak beste, Osasen gaixotasun ezberdinekin lotutako analitoak identifikatu eta monitorizatzen dituen enpresan, koronabirusaren markatzaileak azkar zehazteko gailu batean ari dira lanean, azterketak arretagunean egin eta eri larriak albait arinen atzeman ahal izateko.

Arlo horretan bertan, Progenika Biopharma enpresan, diagnosi metodo bat garatzeko lanak bizkortzen ari dira, PCRan (polimerasaren kate-erreakzioa) oinarritutako tekniketan lortzen den sentikortasun maila bera duen beren teknologian funtsatuta, eta hurrengo asteetan erabilgarri egongo dela aurreratu du SPRIk.  

Histocell bizkaitarrak saiakuntza klinikoa abiatuko du, HC016 zelula ametan oinarritutako terapia zelularreko bere botikarekin, SDRA (arnasbideko sindrome larria), koronabirusaren konplikazio larriena, duten eriekin.  

Graphenea donostiarrak, grafenoaren teknologiako munduko liderrak, bere jarduna aldatu du behin-behinekoz, bere laborategietan egunean 500 litro hidrogel ekoizteko, eta I+Med arabarrak, azido hialuronikotik eratorrita farmazia industriarako nano-hidrogeletan espezializatuak, 20 litro hidroalkohol egiten ditu egunean, ospitaleei emateko.

Mizar Additiva Manifacturing arabarrak 1.000 maskara sanitario egiten ditu astean, 3Dko teknologia erabiliz, baita 4.000 bisera eta arnasgailuetarako balbulak ere.

Optimus 3D ingeniaritza eta eranste industriako enpresa, bestalde, biserak eta arnasgailuetarako egokigailuak egiten ari da, eta beste eragile batzuekin batera garatu duen 3Dko arnasgailua egiaztatzeko zain dago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa olatu berria