Gizartea -

Koronabirusa

Balkoi eta leihoetan ospatuko dute Gasteizen eta Amurrion San Prudentzioko danborrada

San Prudentzio Arabako patroiaren ekitaldi ofizialak bertan behera utzi dituzte, koronabirusaren aurrean hartu diren konfinamendu neurriak direla eta.

Armentiako basilika. Argazkia: EiTB.
Armentiako basilika
Armentiako basilika. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteiz Batera Herri Zainketen Sareak apirilaren 27an, San Prudentzio Arabako patroiaren egunaren bezperan, balkoi zein leihoetan danborrada bat antolatzea erabaki du, izan ere, koronabirusaren pandemia dela-eta ospakizun ofizialak bertan behera geratu dira.

Danborrada eta lurralde historikoaren patroiaren omenezko gainerako ekitaldiak bertan behera geratu direnez, Baterak, COVID-19aren aurrean ahulenak diren kolektiboak laguntzen dituen sare herritarrak, San Prudentzioren ospakizun alternatibo bat egiteko asmoa adierazi du, betiere, konfinamendu neurriak errespetatuz.

Hala, kolektiboak apirilaren 27ko 20:30ean balkoietatik danborrada herrikoia egitea proposatu die gasteiztarrei, ohar baten bidez jakinarazi dutenez.

Ekimen honek Leire Betolazaren parte-hartzea izango du, zeina ekitaldi ofiziala bertan behera utzi aurretik San Prudentzio jaietako danborradako zuzendari izendatu zuten.

Dagoeneko 3.000 lagun inguru biltzen dituen Batera sareak hilaren 27ko ospakizuna prestatzeko entseguak eta tailerrak antolatuko dituela jakinarazi du.

Amurrioko danborrada

Amurrioko Udalak ere balkoi eta leihoetan ospatuko du San Prudentzioren omenezko danborrada tradizionala.

Ekimena Fanfarre Tabarrak eta Amurrioko danborradak bultzatuko dute, eta, ohi bezala, apirilaren 27an, San Prudentzio bezperan, ospatuko da, 20:05ean. Modu berean, egunero 20:00etan osasun-langileen omenez egiten diren txaloak errespetatuko dira.

Danborradaren emaitza ahalik eta onenena izan dadin, asteartetik aurrera entseguak egingo dira balkoietan 19:45ean (20:00etan amaituko dira) eta Retreta zein Diana abestien partiturak eta audioak udal webgunetik jaitsi ahal izango dira.

Herritar guztiak, haur eta gazteak bereziki, entseguetan eta danborradan parte hartzera animatu nahi ditu Udalak, "instrumentu baten funtzioa egin lezakeen edozein danbor edo objekturekin".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Araba Gaixotasunak San Prudentzio Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa