Gizartea -

KORONABULOAK

Ez, informazio-egiaztatzaileek ezin dituzte WhatsAppeko mezuak zentsuratu

Azken egunotan hedatu den bulo batek iradokitzen duenez, Maldita.es eta Newtral zerbitzuek zentsuratu egiten dituzte WhatsApp bidez bidalitako mezuak.

WhatsApp mezularitza-zerbitzaren logotipoa. Argazkia: Alfredo Rivera (Pixabay)
WhatsApp mezularitza-zerbitzaren logotipoa.
WhatsApp mezularitza-zerbitzaren logotipoa. Argazkia: Alfredo Rivera (Pixabay)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Buloen eta okerreko informazioen hedapena ekiditeko asmoz, duela astebete WhatsAppek mugatu egin zuen askotan birbidalitako mezuen zabaltzea, txat bakoitzeko behin bakarrik bidali ahal izan daitezen. Alabaina, horren ostean, hainbat sare sozialetatik zabaldu da aipatutako mezularitza-zerbitzuaren edukiak zentsura jasaten ari direla, eta Maldita.es eta Newtral hedabideei horren atzean egotea leporatuz.

Informazioa egiaztatzen eta albiste faltsuak ezeztatzen berezituta dauden bi zerbitzu horiek dira, hain zuzen ere, konpainia estatubatuarrak Espainian erabiltzen dituen kanpoko informazio-egiaztatzaileak, edozein erabiltzailek koronabirus berriarekin lotutako mezu biralei buruzko kontsultak egin ditzan.

Maiztasun handiz birbidaltzen diren mezuei, muga

Gorago aipatu legez, biral egin diren eduki jakin batzuen birbidaltzea mugatzeko erabakiaren berri eman zuen WhatsAppek joan den apirilaren 7an, desinformazioaren zabaltzea saihesteko xedearekin, eta, horren harira, balizko zentsuraren inguruko kezka sortu da.

Hain zuzen ere, mezularitza-zerbitzuak berak azaldu zuen bezala, 'gezi bikoitz' batekin markatutako mezuak dira. Horrek adierazten du, ikur hori duten mezuek aldez aurretik erabiltzaile batetik bestera bost aldiz baino gehiagotan bidali direla.

Hartara, erabiltzaile batek "askotan birbidalitako" mezu horietako bat birbidali nahi izanez gero, "mezu horiek aldi bakoitzean txat bakarrera birbidali ahal izateko muga" dagoela aurkituko du aplikazioan.

Erabaki hori enpresaren politika globalen parte da, eta ez da Espainiara mugatzen.

WhatsAppen oharra

Facebookek berak (WhatsApp berea da), ohar baten bidez, ukatu egin ditu birbidaltzeen muga berriaren inguruan dauden "zurrumurru faltsuak". Konpainiaren arabera, "muga hori automatikoki aplikatzen da, eta ez du inolako loturarik mezuaren edukiarekin. WhatsAppek ez ditu eduki horiek ikusten, ez moderatzen, ezta gaitzesten ere. WhatsAppeko mezu eta dei guztiak mutur batetik bestera, hau da, igorletik hartzailearengana doan zifratze batekin babestuta daude".

Enpresa estatubatuarrak argitu duenez, "mutur batetik besterako zifratzeak esan nahi du norberak eta idazten ari garen pertsonak bakarrik ikus dezaketela mezuen edukia, ez beste inork, ezta WhatsAppek ere". Gainera azaldu du birbidaltze automatikoaren muga "mundu osoan" sistematikoki aplikatzen dela, eta ez duela inolako loturarik WhatsAppeko edo Facebookeko informazio-egiaztatzearekin".

Halaber, "birbidaltze-muga berria WhatsAppek ezarri zuen, mezu biralen hedapena murrizteko, erabiltzaileak seguru mantentzeko helburuarekin. Ez dago inolaz ere egiaztatze-erakundeekin lotuta, ezta 'zentsurarekin' ere, eta kontrakoa iradokitzen duen edozein baieztapen erabat faltsua da".

Hona hemen Facebookek argitaratutako oharra:

Zer dira informazio-egiaztatzaileak?

Informazio-egiaztatzaileak komunikabideetan nahiz sare sozialen eta mezularitza-aplikazioen bidez zabaltzen diren datuak egiaztatzen berezitutako erakundeak dira, buloei eta desinformazioari aurre egiteko helburuarekin.

International Fact-Checking Network (IFCN) nazioarteko aliantza bat da, eta bertan parte hartzen duten kazetaritza egiaztapenerako erakundeek beren zeregina inpartzialtasunez eta profesionaltasunez betetzen dutela zaintzen du.

Erakunde horiek printzipioen kode bat sinatu dute, IFCNk ezartzen duena, eta aldizka aholkulari independente baten azterketa bat gainditu behar dute kode hori betetzen dutela egiaztatzeko. Espainian Maldita.es, Newtral eta Efe Verifica dira ziurtatuta dauden erakundeak.

Kode horren ondorioz, "alderdikeriarik gabeko" txostenak argitaratu behar dituzte aldizka, "interes publikoko gaiez pertsona esanguratsuek eta erakunde garrantzitsuek egindako adierazpenen zehaztasunaren nondiko norakoei buruz". Hala jasotzen du IFCNk bere webgunean.

IFCN eta WhatsAppekin duen harremana

Erabiltzaileek COVID-19 gaitzari buruzko baliabideak eta informazio ofiziala eskura ditzaten eta, horrela, desinformazioa zabaltzea saihesteko WhatsAppek bere webgunean sortu duen atal berezian informazio-egiaztatzaileen zerrenda dago. Egiaztatzaile horiek, kanpotik, buloak gezurtatzen dituzte egiaztatutako informazioa erabilita. Aipatutako zerrendan, besteak beste, Maldita.es eta Newtral agertzen dira, eta erabiltzaileek horiekin zuzenean jar daitezke harremanetan.

Zerrenda hori, Maldita.es ekimenetik Europa Press agentziari azaldu dioten bezala, WhatsAppek egiten duen gomendio bat da, erabiltzaileak jaso duen mezu baten inguruan zalantzak izanez gero, ematen zaion zenbakiarekin harremanetan jartzeko eta horren berri emateko.

Maldita.es atariaren kasuan, prozesu hori honako hau litzateke: erabiltzaile batek bidalitako zalantzazko edukia duen mezua jaso ondoren, egiaztapen-prozesua hasten dute beren metodologiarekin, eta, ondoren, emaitza beren webgunean argitaratzen dute.

"Edukiak soilik gure webgunean gezurta ditzakegu", azaldu dute. Eta adierazi dute ez dutela WhatsAppera inolako sarbiderik: "Egiten dugun egiaztatze horrek ez dio inola ere eragiten WhatsAppen dabilen edukiari: ez du ezabatzen, ez zentsuratzen, ez ezer".

Horrela islatzen da Maldita.es-ek, Maldito Bulo atalaren bidez, argitaratutako gezurtatzean ere:

Bestalde, Newtralek ere ohar bat plazaratu du, WhatsAppeko edukietan edozein zentsura edo iradokizun ukatzeko.

EiTBk, COVID-19 gaitzaren inguriko albiste faltsuei aurre egiteko bere xedean Maldito Bulo eta VOST Euskadi (Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartea) ditu bidelagun. Horrez gain, Eva Caballero kazetariak zuzendutako Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol zientzia eta teknologiari buruzko dibulgazio-programan parte hartu ohi duten adituen laguntza ere badauka.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebook WhatsApp Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa