Gizartea -

KORONABULOAK

Ez, ardoa edo alkohola kontsumitzeak ez du koronabirusetik babesten laguntzen

Espainiako Enologia Federazioaren ohar batek COVID-19aren aurka ardoak izan ditzakeen onurei buruzko interpretazio okerrak eragin zituen. Adituek ez dute "oinarri zientifikorik" ikusten horretan.

Ardo kopa bat botila baten ondoan. Argazkia: Pixabay (Congerdesign)
Ardo kopa bat botila baten ondoan.
Ardo kopa bat botila baten ondoan. Argazkia: Pixabay (Congerdesign)

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ardoaren edo alkoholaren kontsumoak ez du koronabirusetik babesten laguntzen, nahiz eta kontrakoa adierazten duten azken asteetan zehar sare sozialetan zabaldutako hainbat mezuk, Espainiako Enologia Federazioaren ohar bat oinarritzat hartuta. Alabaina, adituen aburuz, halako adierazpenek ez dute inolako oinarri mediko eta zientifikorik.

Aipatu mezu horiek poztu egin ziren COVID-19aren hedapenaren erdian agertutako ustezko albiste positibo batengatik: "Ezinezkoa da koronabirusak ardoan bizirautea" eta "neurrizko kontsumoa onuragarria izan daiteke gaixotasunaren aurrean" zioten mezuek, besteak beste.

Bi baieztapen horiek Espainiako Enologia Federazioak (FEAE) martxoaren 23an kaleratutako komunikatu batean oinarritzen dira. Bertan, ia ezinezkotzat jotzen zen "birusak ardoan bizirik irautea".

Honako hauxe zen argudio nagusia: "Alkoholaren konbinazio konkomitanteak, ingurune hipotoniko batek eta polifenolen presentziak birusaren beraren bizitza eragozten dute".

Halaber, "ontziaren bidez kutsatzeko aukerak oso urriak edota estatistikoki hutsalak" direla ere aipatzen zuen, "birusaren bizitza laburra delako eta ostalari 'biologikorik' ez dagoelako".

Azkenik, "kontsumo arduratsuari lotutako ardoaren neurrizko kontsumoak aho-barrunbearen eta faringearen higiene hobea" ekar dezakeela baieztatzen zuen, "azken hori baita birusek infekzioetan habia egiten duten gunea".

Hemen ikus daiteke FEAEk Facebookeko bere kontu ofizialean argitaratutako komunikatua:

Hori hala izanik, koronabirusaren inguruan sortzen diren albiste faltsuei aurre egiteko EiTBk abiatu duen #Koronabuloak ekimenetik, kontu hori argitu nahi izan dugu, eta Eva Caballero kazetariak Radio Euskadin zuzentzen duen La Mecánica del Caracol dibulgazio saioko komunitate zientifikoarengana jo dugu.

Oraingo honetan, Maite Pelayo mikrobiologoak, Silestone Institutuko elikagaien segurtasunean aditua denak, egin dizkigu gaiaren inguruko ekarpenak. (Apirilaren 21eko programan alkoholari eta rdoari buruzko bere esku-hartzea irratsaioko 12. minututik aurrera entzun daiteke. Jatorrizkoa, gaztelaniaz).

Aditu horren arabera, "ez dago inolako oinarri zientifikorik alkoholaren kontsumoa koronabirus berria indargabetzeko gai dela esateko".

Ordea, "erabat frogatuta dago alkoholaren kontsumoak, batez ere gehiegizkoa bada, sistema immunologikoa beheratzen duela", eta hori eragozpena izango litzateke COVID-19aren aurka borrokatzeko.

Esku artean duguna "arnas birusa da, beraz, digestio bidez hartzen dugun alkoholak ez du inolako eraginik haren aurka", zehaztu du mikrobiologoak.

Gainera, Pelayok nabarmendu duenez, "alkohol desnaturalizatua edateagatik hil diren pertsonen kasuak ere izan dira munduan zehar, koronabirusari aurre egiteko edota hura sendatzeko lagungarria zelakoan".

"Birusak ardoan bizirik irautea ia ezinezkoa" dela zioen FEAEren baieztapenari dagokionez, Pelayok hauxe erantzun du: "Birusak parasito zelularrak dira, eta zelula biziak behar dituzte ugaltzeko; beraz, ezin dira ugaldu ardoan, baina horrek ez du esan nahi ardoa koronabirusaren aurkako erremedio gisa erabil daitekeenik".

Pelayoren hitzetan, "ardoa mikroorganismoz osatuta dago, mahatsaren azukreen hartzidura naturala delako. Birusak ez dira bertan hazten, baina horrek ez du esan nahi ardoa gaixotasun horretarako tratamendu egokia denik. Birusak hazten ez diren likido eta materia ugari dago, eta horrek ez du adierazten inongo sendabide direnik".

Azkenik, elikagaien segurtasunean adituak ondorioztatu duenez, "ardoari ezingo zaio inoiz ezaugarri sendagarririk egotzi, hori medikuntzaren esparruari dagokio, eta inolaz ere ez elikagai bati, nahiz eta ardoa izan".

Ildo beretik mintzatu da Madrilgo Sendagileen Elkargo Ofizialeko Kontseilu Zientifikoko (Icomem) Jaime Barrio doktorea ere. Bere aburuz, ardoak COVID-19aren aurrean ustez dituen onurei buruzko baieztapenek "ez dute zentzurik, ezta inolako oinarri zientifikorik ere".

Ardoa digestio-bidetik doa, gainerako elikagaiak bezala, "eta ez du eraginik birusaren hedapenean"; izan ere, hark "birikari eragiten dio batez ere", azpimarratu du Barrio doktoreak.

Bere ustez, enologoen federazioak botilen eta beste ardo ontzi batzuen bidezko kutsadura "estatistikoki hutsala" dela defendatzeko ematen dituen argudioek ere ez dute ebidentzia zientifikorik.

Izan ere, Osasunaren Mundu Elkarteak bere webgune ofizialean azaltzen duenez, ez dago guztiz zehaztuta zenbat denbora irauten duen COVID-19 gaitza sortzen duen birusak gainazal batean, baina badirudi beste koronabirus batzuek bezala jokatzen duela, eta ordu gutxi batzuetatik egun batzuetara iraun dezakeela, gainazal motaren, tenperaturaren edo inguruneko hezetasunaren arabera.

FEAEren azalpen oharra

Sortutako zalapartaren aurrean, FEAEk bigarren komunikatu bat atera zuen apirilaren 3an, martxoaren 23an argitaratutakoaren inguruan egindako "interpretazio publikoa zehazteko".

Hala, bigarren ohar horretan elkarteak adierazten duenez, "lehendabiziko komunikatuan ez zen inolaz ere baieztatzen harreman zuzenik dagoenik ardoaren neurrizko kontsumoaren eta koronabirus bidezko kutsaduraren prebentzioaren artean".

Bigarren ohar horrek honako beste azalpen hauek ere jasotzen ditu: "Komunikatu horren asmoa ez zen inoiz izan gaizki-ulertuak eragiteko aukera emango zuen informazioa ematea", baizik eta "osasun alerta horretan ardoaren ekoizpenaren eta neurrizko kontsumoaren segurtasunari buruz sortutako zalantzak argitzen laguntzea, betiere gomendioen eta prebentzioaren ikuspegitik".

 

La Mecánica del Caracol programako komunitate zientifikoaz gain, EiTBk Maldita.es webgunea (Maldito Bulo atalaren bidez) eta VOST Euskadi elkartea (Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartea) ere bidelagun ditu albiste faltsuei aurre egiteko borrokan.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa