Gizartea -
Bizkaia
Bilboko hilketa leporatuta atzo atxilotutako gizona ertzain-etxera eraman dute
Erasoa Santutxu auzoko Santa Klara kalean jazo zen. Atxilotuak 81 urte ditu eta, antza denez, arma zuri bat erabili zuen 82 urteko gizona hiltzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
82 urteko gizon baten hilketa leporatuta atzo Bilbon atxilotutako 81 urteko gizona ertzain-etxera eraman dute, beharrezko izapideak egitera, horiek bukatutakoan epailearen esku uzteko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Erasoa 17:15 aldera jazo zen, Santutxu auzoko Santa Klara kalean. Oraindik argitu gabe dauden arrazoiak tarteko, adineko batek labankada bat eman zion beste bati. Biktima berehala zendu zen, eta erasotzailea ihesean joan zen.
Alabaina, lekukoen laguntzari esker, Udaltzaingoak nondik joan zen jakin zuen, eta handik denbora batera atxilotu zuten.
Ertzaintzak bere gain hartu zuen ikerketa, ingurua hesitu zuen eta erasotzaileak erabili zuen labana bilatzeari ekin zion.
(Polizia zientifikoa, Santutxuko Santa Klara kalean. Argazkia: EFE)