Gizartea -

Itsas zaborra

Bizkaiko golkoaren ur eta jalkin laginen erdiek mikroplastikoak dituzte

EHUren Materialak+Ikerketa taldeak mikroplastikoen presentziari buruz Bizkaiko golkoan argitaratu diren ikerketa guztiak aztertu ditu.

Barrikako hondartza. Argazkia: Rikardo Agirregomezkorta.
Barrikako hondartza
Barrikako hondartza. Argazkia: Rikardo Agirregomezkorta.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marine Pollution Bulletin zientzia-aldizkariak Microplastics in the Bay of Biscay: an overview lana argitaratu du. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Materialak+Ikerketa taldeak egin duen artikulua da, mikroplastikoen presentziari buruz Bizkaiko golkoan egin diren ikerlan guztiak aztertu dituen lehena. Itsas konpartimentu desberdinetan (ura, itsas jalkinak eta biota) lortutako emaitzak bildu ditu, hauteman diren mugak eta ezagutza erronkak nabarmenduta.

Mikroplastikoena ingurumen arazo gero eta kezkagarriagoa da, eta, ikerlan batzuen arabera, Bizkaiko golkoa itsas zaborra pilatzen ari da. Argitaratu berri den ikerlan horrek mikroplastikoen banaketa tenporal eta espaziala aldakorra dela egiaztatu du; aztertu diren ur eta jalkin laginen erdietan baino gehiagotan hauteman ditu mikroplastikoak.

Bost milimetro baino gutxiagoko plastiko partikula horiek itsasoan eta kostaldean pilatzen dira, produktu eta aplikazio jakin batzuetan erabilitako plastiko material txikiak botatzen direlako (mikroplastiko primarioak) edo objektu handiagoak zatikatzearen ondorioz (mikroplastiko sekundarioak). Itsas ingurunean partikula horietako asko eta asko daudenez, jatorria, presentzia eta gizakion osasunean eta espezieenean duen eragina aztertzen ari dira.

Jatorriari dagokionez, maiz topatu diren polimeroak polipropilenoa, polietilenoa, poliesterra eta poliestirenoa dira, horiek baitira munduan gehien kontsumitzen diren material plastikoak. "Aipatu eremuari buruzko ikerketen emaitzetan hainbeste apur eta zuntz agertzearen kausa, nagusiki, tamaina handiagoko objektuak zatikatzea izan daiteke. Hala ere, zaila da ikerlan desberdinak konparatzea, zein bere metodologiarekin egin direlako. Hala, itsas inguruneko mikroplastikoen jarraipena egitera bideratutako metodo estandarizatuak ezartzeko premia agerian jarri da", azaldu dute ikerlanaren egileek.

esquema de las muestras de microplástico en el Golfo de Bizkaia

Bizkaiko golkoan aurkitutako mikroplastiko eragileen eskema. Grafikoa: EHU

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia EHU Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ekologia gaur Ura Kantauri itsasoa albisteak Kutsadura