Gizartea -

Koronabirusa

Gasteizek oinezkoentzako espazioa zabalduko du asteburu honetatik aurrera

Udalak duen lehentasunetako bat espazio publiko "osasungarri" bat izatea da. Halaber, tabernetako terrazen espazioa bikoizteko aukera emango du.

Desekalatzea Gasteizen. Argazkia: EFE
Hainbat oinezko Gasteizko Manuel Iradier kalean
Desekalatzea Gasteizen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udalak espazio publikoa egokituko du asteburu honetatik aurrera, "oinezkoen pasabideen zabalera handiagoa izateko, eta, hala, distantzia soziala betetzen dela eta oinez eta bizikletaz egiten diren joan-etorriak lehenesten direla bermatzeko". Neurri horrek terrazak eta mahaitxoak jartzeko azalera bikoizteko aukera emango du, irailaren 30era arte edo koronabirusaren pandemiaren mugak amaitu arte.

Bide telematikoz egindako prentsaurreko batean, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak 'Orain Gasteiz' planaren neurriak aurkeztu ditu, osasunaren prebentziorako, gizarte-laguntza indartzeko eta tokiko ekonomia sustatzeko hainbat ekimen biltzen dituena.

"Hiriaren berehalako estrategiak helburu hauek ditu: osasuna babestea; gasteiztar guztien ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzea, batez ere zailtasunak dituzten familietan; gure enpresak, gure saltokiak eta gure ostalaritza sustatzea; eta Gasteizko gizarteari enpleguan, kontsumoan eta gizarte-suspertzean duen eragin biderkatzailea ekarriko dion inbertsio publikoari eustea", azaldu du alkateak.

Azaldu duenez, egungo osasun krisian Udalak duen lehentasunetako bat espazio publiko "osasungarri" bat izatea da, eta "kutsatu daitezkeen gune ahulenetan desinfekzio- eta garbiketa-lanak zorroztea".

Horren harira, Gorka Urtaranek esan du desinfekzio-lan bereziei eutsiko dietela, eta iragarri du lan horiek hiriko "gune espezifikoetara" egokituko dituztela, orain herritarrek gehiago erabiliko baitituzte, izan ere, kirola edo ibilaldiak egiteko aukera dago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Gorka Urtaran Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Koronabirusa