Gizartea -

Datu ofizialak

Sexu-delituak % 38,6 igo dira Euskadin, urteko lehen hiruhilekoan

Droga trafikoarekin lotutako delituek ere gora egin dute, % 19,4. Indarkeriaz eta larderiaz egindako lapurretak, aldiz, jaitsi egin dira, % 32,8.

Ertzaintza eta Udaltzaingoa, Bilboko kaleetan. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Ertzaintza eta Udaltzaingoa, Bilboko kaleetan
Ertzaintza eta Udaltzaingoa, Bilboko kaleetan. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sexu-askatasunaren aurkako delituak % 38,6 igo dira Euskadin 2020. urteko lehen hiruhilekoan, orotara delituak % 5,6 jaitsi diren arren. Guztira, 21.698 delitu izan dira EAEn, urtarriletik martxora.

Datuak Espainiako Barne Ministerioak aditzera eman ditu eta konfinamenduaren lehen 15 egunak hartzen dituzte.

Euskadiren kasuan, indarkeria eta larderia erabilita egindako lapurretak % 32,8 jaitsi dira: 2019ko lehen hiruhilekoan izandako 457etatik 2020ko tarte berberean izandako 307etara. Etxebizitzetan, lokaletan eta bestelako instalazioetan izandako delituek ere behera egin dute, % 22,5 (2.244tik 1.739ra).

Zehazki, etxebizitzetan indarrez egindako lapurretetan % 25eko jaitsiera izan da, eta iazko 1.405etatik aurtengo 1.054ra pasa dira.

Lapurreta kopuruan ere jaitsiera izan da: 6.101 izan dira, guztira, 2020ko urtarrila eta martxoa artean. Ibilgailuen lapurretak % 28,1 jaitsi dira eta lesioak eta eztabaidak eman diren delitu larriak % 6. Homizidioak eta hilketak 11tik 6ra pasa dira eta bahiketak % 50 jaitsi dira (bakarra izan da 2020ko lehen hiruhilekoan).

Hala ere, sexu-askatasunarekin eta identitatearekin lotutako delituak % 38,6 hazi dira, 114tik 158ra iritsita. Alor horretan penetrazioarekin egindako sexu-erasoak % 33,3 jaitsi dira (24tik 16ra), baina sexu-askatasunarekin lotutako gainontzeko delituak hazi egin dira (90tik 142ra).

Droga trafikoarekin lotutako delituak % 19,4 hazi dira, eta engainuz egindako homizidioak eta gauzatutako hilketak 2019ko 3 kasuetatik 2020ko 7 kasuetara igo dira % 133,3.

Probintzien arabera

Lurraldeka, delituek behera egin dute EAEko hiru lurralde historikoetan. Bizkaian % 6,9 jaitsi dira, Araban % 5,8 eta Gipuzkoan % 2,4.

Hiriburuei dagokienez, hiruretan delituak hazi egin dira. Donostian % 6 (1.594 delitu), Gasteizen % 3,1 (2.284) delitu, eta Bilbon % 0,2 (5.367 delitu).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE Delituak Drogak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lapurretak