Gizartea -

KORONABULOAK

Zer dakigu hondartza, igerileku edo ibaietan koronabirusa hartzeko arriskuei buruz?

CSICen arabera, uretako ingurunean kutsatzea "oso gutxitan" gerta daitekeen gauza da; gainera, hondartzen ezaugarriek horren arriskua murriztu dezakete.

Jendea Kontzako hondartzatik paseoan, maiatzaren 2an. Argazkia: EFE
Jendea Kontzako hondartzatik paseoan, maiatzaren 2an.
Jendea Kontzako hondartzatik paseoan, maiatzaren 2an. Argazkia: EFE

EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) ikertzaileek txosten bat egin berri dute ura dagoen inguruneetan (itsasoan, igerilekuetan edo bainuetxeetan, esaterako) SARS-CoV-2 birusaz kutsatzeko dagoen arriskuari buruz. Txosten horren arabera, oso zaila da koronabirusarekin kutsatzea urarekin kontaktuan egotean.

Koronabirusaren inguruan sortzen diren albiste faltsuei aurre egiteko asmoz, EiTBk martxan jarri duen #Koronabuloak ekimenean aipatu da honako ezbaia. Gai horretan gehiago sakondu nahi, eta Eva Caballerorengana jo dugu. Radio Euskadiko La Mecanica del Caracol dibulgazio zientifikoko programaren gidariak aipatu txostena izan zuen hizpide maiatzaren 7ko emisioan, eta programa horretan aipatutakoak bildu ditugu jarraian:

Caballerok bere programan azaldu zuenez, CSICek egindako lanak COVID-19 gaitza eragiten duen birusaren transmisioari buruzko ebidentziak biltzen ditu aipatutako inguruneetan (igerilekuak, hondartzak, ibaiak eta abar). Bertan azpimarratzen da leku horiek, gehienetan, urruntze fisikoko neurrietan arreta jaistea eragiten duten aisialdiko jarduerak tartean hartzen dituztela. Beraz, igerilekuetan eta hondartzetan gerta daitezkeen jende pilaketek, baita erabilera komuneko objektuek ere, kutsatzeko mekanismo izaten jarrai dezakete.

Hain zuzen ere, leku horietan, SARS-CoV-2aren transmisio-bide nagusiak "eztularekin eta doministikuekin sortzen diren arnas-jariakinak eta pertsonen arteko kontaktu zuzena" izango lirateke.

Beraz, arriskua ez legoke hainbeste urarekin kontaktuan egotean, baizik eta espazio horietan gerta litezkeen pilaketetan.

Hona hemen CSICek argitaratutako txioa bere txostenaren berri emateko:

Zer gertatzen da uraren barruan?

Uraren barruan gertatzen denari dagokionez, txostenean adierazten da igerilekuetan eta spa zentroetan oso ezarrita dagoela agente desinfektatzaileen erabilera, uraren kutsadura mikrobianoa saihesteko asmoz. Ondorioz, uste dute neurri hori nahikoa izan beharko litzatekeela "birusa indargabetzeko".

Halaber, igerilekuetako uretan gomendatutako kloro librearen kontzentrazioek (litroko mikrogramo bat eta hiru artean) bainatzeko garaian egon daitezkeen kutsadura-arriskuak saihestu beharko lituzkete.

Bainuetxeetan edo ur sendagarrien instalazioetan ere desinfekzio-neurriak hartzen dira. Giroa tenperatura altuetan mantentzen den kasuetan (saunetan eta lurrun-bainuetan, esaterako), tenperatura altu hori dela medio (60 gradu baino gehiagokoa izan ohi da), birusaren biziraupena oso txikia izatea aurreikusten da.

Itsasoko urari dagokionez, gaur egun SARS-CoV-2aren iraunkortasunari buruzko daturik ez dagoela baieztatzen duten arren, diluzio-efektuak zein gatzaren presentziak "birus-karga murrizten eta indargabetzen lagunduko duten faktoreak dira, hala gertatzen baita, gutxienez, antzeko birusekin".

Ur geza

Aitzitik, SARS-CoV-2aren biziraupena handiagoa da ibai, aintzira eta putzuetako tratatu gabeko ur gezatan, igerilekuetan eta ur gazitan duenarekin alderatuz. Hortaz, leku horietan arreta handiz jokatu behar da pilaketak saihesteko. Hain justu ere, CSICen txostenaren arabera, ur gezatako ingurune horiek dira baztergarrienak beste aukera batzuekin alderatuta.

Hondakin-urak

Hondartzak eta ibaiak kutsatzeko beste bide bat hondakin-urak biltzen dituzten araztegietatik datozen ekarpenak dira. COVID-19a eragiten duen birusa tratatu gabeko hondakin-uretan aurkitu dute. Alabaina, ikertzaileek ez dakite birus horrek gaixotasunik sor dezakeen pertsona bat ur horien eraginpean egonez gero, orain arte ez baitago hori gertatu den ebidentziarik.

Hondartza eta ibaietako harea

Hondartzetan edo ibaiertzetan dagoen harean birusak duen prebalentziak ere kezka eragin dezake. Horri buruzko ikerketa esperimentalik ez dagoen arren, txostenak dio itsasoko urak duen gatzaren, eguzkiaren erradiazio ultramoreen eta hareak har dezakeen tenperatura altuaren ekintza bateratua mesedegarria dela eragile patogenoa indargabetzeko.

Era berean, hondartzako harea desinfektatzeko erabiltzen den modua edozein dela ere, produktuak ingurumena errespetatu behar duela azpimarratzen da. Hori dela eta, ez da komeni hiriko espazio publikoetarako ohiko prozedurekin desinfektatzea.

Zer gertatzen da itsasertzeko airearekin?

Azkenik, olatuek eta haizeak sortutako aerosolak ugariak dira, eta birusa bide horretatik garraia dezaketen aireko partikulen iturri natural handia dira; beraz, pertsonen arteko tarte segurua hirian gomendatzen diren bi metrotik gorakoa izango litzateke leku horietan. Hala ere, Osasunaren Mundu Erakundeak, gaixotasunak kontrolatzeko eta prebenitzeko zentroek eta Estatu Batuetako edo beste herrialde batzuetako tokiko osasun-agentziek ez dute ohartarazi birusa itsas brisaren edo kostaldeko brisaren bidez heda daitekeenik.

La Mecanica del Caracol programako komunitate zientifikoarekin ez ezik, EiTBk Maldita.es webgunea (Maldito Bulo atalaren bidez) eta VOST Euskadi elkartea (Euskadiko Boluntario Digitalen Elkartea) ere bidelagun ditu albiste faltsuei aurre egiteko borrokan.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Hondartzak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Albiste faltsuak Koronabirusa