Gizartea -

Koronabirusa

Hegoaldeko kartzeletako presoek komunikazio eta baimenei ekin diete berriz

Irteera programatuak eta hezkuntza, kirol eta kultura jarduerak Espainiako Estatuko kartzela guztietara itzuli dira ostegunetik, “apurka eta mailaz maila”.  

Zaballako espetxea
Zaballako espetxea
Zaballako espetxea

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta, oro har, Espainiako Estatu osoko kartzeletako presoek komunikazioei eta baimendutako irteerei ekin diete berriz gaur, ostegunarekin, “apurka eta mailaz maila”, covid-19aren aurka espetxeetan hartutako neurriak lasaitzeko prozesuaren barruan, Espainiako Barne Ministerioak ezarri duenez.

Agindua asteazkenean argitaratu zuten Espainiako Aldizkari Ofizialean (BOE), birusari eusteko eta osasuna babesteko neurri sorta baretzeko prozesua espetxeetara egokitzeko asmoz.  

Horretan oinarrituta, Barne Ministerioak jarduera hauek jarriko ditu martxan atzera: presoen ohiko komunikazioak, baimendutako irteerak eta irteera programatuak, osasun agintariek emandako argibideei lotuta.

Gainera, hirugarren graduan dauden presoek nahiz gizarteratzeko zentro batean, atal irekian edo zentro koordinatu batean daudenek irteten jarraitu ahalko dute, martxoaren 14an alarma-egoera ezarri zuen 463/2020 Errege Dekretuan zehaztutako jarduerak egitera, gerora, espetxera itzulitakoan, dagokien protokoloa beteta.  

Halaber, presoen lekualdaketak egongo dira, agintari judizialek agintzen dutenean, eta espetxeetan hezkuntza, formazio, kirol, kultura eta erlijio jarduerak eta tratamendu terapeutikoak berrabiatuko dira, kasuan kasuko kartzelaren egoeraren arabera.

Horrez gain, egoera epidemiologikoak hala aginduz gero, neurri hauek guztiak bertan behera gera litezke ostera ere, bai kartzela guztietan baita espetxe bakanetan ere.

ETAko presoak EAEra hurbiltzea "berebiziko kontua" dela uste du Etxeratek

Etxerat ETAko presoen senideen elkarteak preso horiek EAEko espetxeetara hurbiltzea "berebiziko kontua da" adierazi du, eta "ezin da gehiago itxaron" gaineratu du.

Elkarteak agiri bat kaleratu du ostegun honetan. Bertan, Urtzi Errazkin bozeramaileak Barne Ministerioak iragarritako deseskalatzearen Espainiako espetxeetako neurriak kritikatu ditu, eta hori bera salatu du, beste ohar batean, Sarek ere.

Erakunde terroristako presoak eta haien gertukoak "komunikazioen berreskurapenean eta lotura afektiboan erabat baztertuta geratu dira", Errazkinen arabera, eta "sakabanaketa eta urruntze hamarkaden ostean, orain ere preso dituzten senideak bisitatu ahal izango dituzten azkenak izango dira", gaineratu du.

Ezin dute deseskalatzearen 0 fasean dauden probintzietara bidaiatu, ezta 1 fasean eurena ez den beste batera joan ere, Etxerateko bozeramaileak azaldu duenez; izan ere, Espainiako kartzeletan dauden ETAko 195 presoen % 80 EAEtik urrun (400 eta 1.100 kilometro artean) dauden espetxeetan daude, eta horietan 3k bakarrik betetzen dute zigorra.

Frantziako egoera hobea ez dela gaineratu ostean, osasun krisi garaian kolektiboari "buelta bat gehiago" eman behar zaiola uste du.

Sare sareak, bere aldetik, ETAko presoen urruntze egoerak orain "kalte bikoitza" eragiten diela salatu du.

Sareren ustez, atzo iragarritako neurrien "aldaketa xume bat nahikoa litzateke" presoak bisitatzeko senideen joan-etorriak martxoaren 14an alarma-egoera ezarri zuen Errege Dekretuaren 7. artikuluan adierazitakoekin parekatzeko.

Horren harira, eskaera bat helarazi dio Espetxeetako Idazkaritza Nagusiari.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Espetxe politika COVID kasuak