Gizartea -

KORONABIRUSA

OCUk ez du koronabirus arrastorik aurkitu supermerkatuko elikagaien ontzietan

Besteak beste, irinak, txokolate tabletak, patata frijituen poltsak, ogi barrak, garagardo latak, ontziratu gabeko sagarrak eta komuneko papera aztertu dituzte.

66 produkturi PCR proba genetikoak egin zaizkie. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.
Supermerkatua
OCUk egindako ikerketa baten arabera, supermerkatuetan ez dago koronabirusik

1:23

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

OCUk ez du koronabirus arrastorik aurkitu apirilaren azken astean Madril, Bartzelona, Gasteiz eta Coruñako zortzi supermerkatu katetan (Alcampo, Carrefour, Condis, Dia, Eroski, Mercadona eta Supercor) erositako elikagai eta drogeria produktuetan.

Zehazki, kontsumitzaileen erakundeak 66 elikagairen eta kontsumo handiko drogeriako produkturen gainazalean koronabirusaren presentzia aztertu du: irinak, txokolatezko tabletak, patata frijituen poltsak, ogi-barrak, garagardo-latak, ontziratu gabeko sagarrak, komuneko papera, jogurtak, entsalada ontziratuak, aurrez prestatutako tortillak, haragi-ontziak eta izokin ketua.

Emaitzak PCR proba genetikoen bidez lortu dituzte, hautatutako produktuen azaleratik jasotako laginetatik, eta agerian uzten dute ez dagoela koronabirus hondarrik.

OCUren arabera, oso litekeena da supermerkatuek sustatutako higiene-neurriek, hala nola gainazalak aldizka garbitzeak eta eskularruak eta maskarak erabiltzeak, arrisku hori murrizten lagundu izana.

Hala ere, kontsumitzaileen elkarteak supermerkatuetan kontuz ibiltzeko gomendatu du, beste erabiltzaileekiko distantzia mantenduz, eskularruak eta maskara erabiliz eta aurpegia ez ukituz.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Erizaintza Koronabirusa Supermerkatuak