Gizartea -

Euskara azterketak

Ekainaren 12an berrabiaraziko ditu HABEk euskara maila egiaztatzeko azterketak

Deialdi irekiaren kasuan, probak uztailaren 21era arte luzatuko dira, eta euskaltegietan konbalidatzen ez diren proba guztiak BECen egingo dira

Barakaldoko BECen egindako azterketa baten artxibo irudia. Argazkia: EFE
Barakaldoko BECen egindako azterketa baten artxibo irudia
Barakaldoko BECen egindako azterketa baten artxibo irudia. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak euskara mailak egiaztatzeko prozesuari ekingo dio berriz ere, azterketak COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz atzeratu ostean.

Urrats honen helburua da euskaltegietako ikasleen premiei erantzutea eta etorkizun laburrean abian jarriko diren sektore publikoko lanpostuen eskaintzatan aurkeztuko diren herritarrei aukerak zabaltzea.

Deialdi irekiko probak (idazmen eta irakurmen) ekainaren 12 eta 13an egingo dira (Barakaldoko BECen), eta mintzamen probak uztailaren 20an eta 21ean (lurralde bakoitzean).

Deialdi itxiko proben kasuan, konbalidatzen ez direnak ekainaren 15etik 18ra egingo dira, kasu guztietan BECen.

Ekainean honako proba hauek egingo dira:

B2 (deialdi itxia, hau da, euskaltegietako ikasleentzat), C1 (deialdi itxia), C1 (deialdi irekia, nahi dutenentzat) eta C2 (deialdi itxia).

Probak honako data hauetan egingo dira:

· B2 itxia: Idazmen probak, ekainaren 15etik 18ra arte (zehaztuko dira egunak; BECen egingo dira).

Ulermena (ahozkoa zein idatzizkoa) eta mintzamenaren kasuan, euskaltegian egindakoa konbalidatuko da.

· C1 itxia: Idazmen probak, ekainaren 15etik 18ra arte (zehaztuko dira egunak; BECen egingo dira).

Ulermena (ahozkoa zein idatzizkoa) eta mintzamenaren kasuan, euskaltegian egindakoa konbalidatuko da

· C1 irekia: Idazmen eta irakurmen probak, ekainaren 12an eta 13an (BECen). Mintzamen-probak, uztailaren 20 eta 21ean (lurralde bakoitzean, zehaztuko da lekua).

· C2 Itxia: Idazmen probak, ekainaren 15etik 18ra arte (zehaztuko dira egunak; BECen egingo dira).

Ulermena (ahozkoa zein idatzizkoa) eta mintzamenaren kasuan, euskaltegian egindakoa konbalidatuko da.

Hortaz, euskaltegietako ikasleen deialdiko entzumen-, irakurmen- eta mintzamen-probak konbalidatu egingo dira, euskaltegian egindako ebaluazio-jarduerei balio egiaztatzailea aitortuz. Era berean, A1, A2 eta B1 mailak ebaluazio jarraituaren bidez egiaztatuko dira, euskaltegietan, ohi bezala. Ezarritako egutegia aldagarria izango da, unean uneko premiek hala eskatzen badute.

Aurreikuspenen arabera, 14.000 pertsona inguruk parte hartuko dute proba horietan: B2 itxian, 3.500 lagun inguru; C1 itxian, 4.500 lagun inguru; C1 irekian, 5.500 lagun inguru; eta C2 itxian, 350 lagun inguru.

Proba hauek deitzeko ebazpena gaur argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta egutegi osoa astelehenean argitaratuko da HABEren webgunean.

Ebazpenak azterketa-deialdietan matrikulatzeko epe hauek finkatzen ditu:

- 2020ko lehen deialdi irekia:

Maila: C1.

Matrikula egiteko epea: maiatzaren 18tik 24ra.

- Euskaltegietako ikasleei zuzendutako 2020ko lehen deialdia:

Mailak: B2, C1 eta C2.

Matrikula egiteko epea: maiatzaren 25etik 31ra.

- Euskal Etxeetako ikasleei zuzendutako 2020ko deialdia.

Mailak:  B1, B2  eta C1.

Matrikula egiteko epea: maiatzaren 25etik 31ra.

Azterketa-deialdien antolaketa

Pandemiaren eraginez bizi dugun egoeraren aurreran, erabaki da azterketa-deialdiak egiteko prebentzio-neurri zehatzak ezartzea, eta baldintzok betetzen dituen aztertoki bakar batean antolatuko dira azterketak, bai euskaltegietako ikasleen deialdiko idazmen-probak, bai deialdi irekiko probak. Horregatik, probok hiru lurraldeetan deitu beharrean, azterketa horiek guztiak Barakaldoko BECen egingo dira. Azterketariek bete beharko dituzte antolatzaileek zehaztutako prebentzio-jarraibideak eta norberaren higienerako neurriak. Euskal Etxeetako ikasleei zuzendutako deialdia era telematikoan gauzatuko da.

Deialdiok era osasungarrian kudeatzeko, eta bereziki osasun-agintariek xedatutako neurriak jarri, bete eta betearazteko, Prebentzio-batzorde bat antolatuko da. Batzorde horren osaketa izango da: HABEren ordezkaria, batzordeburu lanetan, Eusko Jaurlaritzako Prebentzio- eta Osasun-zerbitzuetako ordezkari bana, BECeko ordezkaria eta Bizkaiko garraio-zerbitzuen ordezkaria.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna Euskara Nafarroako albisteak Barakaldo Iparraldea albisteak EAE Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa olatu berria