Gizartea -

Koronabirusa

Eudelek gehienez 250 laguneko edukiera ezarri du udako ekitaldietarako

Zabaldutako adierazpenak zehaztu duenez, halaber, pertsona bakoitzeko 4 metro koadroko espazioa izan beharko da aire zabalean zein toki itxietan antolatuko diren ekitaldietan.

Bazkari herrikoi baten artxibo irudia. Argazkia: EiTB
Bazkari herrikoi baten artxibo irudia
Bazkari herrikoi baten artxibo irudia. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Udalen Elkarteak, Eudelek, uda honetan antolatzen diren era guztietako udal ekitaldiak eta jarduerak baimentzeko, bai aire zabalean, bai esparru itxietan, gehienez 250 laguneko (eserita) edukiera onartu du, eta pertsonen artean bi metro linealeko segurtasun-tartea gorde beharko da.

Eudeleko Batzorde Exekutiboak atzo adostutako akordioan bildutako irizpideetako bat da hori. Udan eta irailaren 15era arte antolatzen diren ekitaldiak eta jarduerak aurrera eramateko jarraitu behar diren gomendioak biltzen ditu. Erabakia igorri zaie jada euskal udalerrietako alkateei.

Udako udal jarduerak baimendu edo antolatzeko Eudelen gomendioak jarraitu beharko dira, "betiere unean uneko osasun xedapenak betez, beste irizpide batzuk justifikatzen diren kasu zehatzetan izan ezik".

Ostiral honetan zabaldutako zirkularrak zehaztu duenez, horrelako ekitaldiak edo jarduerak antolatzen diren guneetan, aire zabalean zein toki itxietan, pertsona bakoitzak 4 metro koadroko espazioa izan beharko du.

Gainera, horientzat egokitutako espazio publikoaren gehienezko okupazioa 1.000 metro koadrotik gorakoa ez izatea gomendatzen da.

Era berean, jakinarazi da udako eta eguneko udalekuetako jarduerak bertan behera geratu direla, eta barruko udal-instalazioak itxita egongo direla, ekitaldi zehatz bat izan ezean.

Elkarte horretako Batzorde Eragileak, azkenik, igerilekuen eta hondartzen kudeaketari helduko dion lantalde bat eratzea adostu du, horren inguruko irizpidea eman dezan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak Osasun albisteak Uda Koronabirusa EUDEL gaur