Gizartea -
KORONABIRUSA
Ertzainburu bati isuna jarri diote Castron, konfinamendua ez errespetatzeagatik
Sestaoko ertzain etxeko burua duela bi aste harrapatu zuen Guardia Zibilak Kantabrian, bajan egonda eta kotxe ofizialarekin zihoala.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guardia Zibilak konfinamendua urratzeagatik isuna jarri dio Ertzaintzako komisario bati Castro Urdialesen, bajan zegoela auto ofizial batean han harrapatu eta gero, ez baitago bertan erroldatua.
Segurtasun Sailetik EFE agentziari adierazi diotenez, Ertzaintzaren barne-arazoetako unitatea ari da auzia aztertzen.
El Correo egunkariak argitaratu duenez, duela bi aste Guardia Zibilaren trafikoko patruila batek harrapatu zuen Sestaoko ertzain etxeko komisarioa Castron, auto ofizial batean zihoala.
Espediente zigortzailea ireki zioten ertzainari, ez baitago herri horretan erroldatua eta beraz, COVID-19agatik ezarritako konfinamendu urratzeagatik.
Egunkariaren arabera, han bizi zela argudiatu zuen ertzainburuak baina ez du horren agiri ofizialik. Bajan zegoen, gainera.
Maiatzaren 5ean, Jon Sanchez Osakidetzako Larrialdietako zuzendariak dimisioa eman zuen, alarma-egoerak ezarritako konfinamendua urratzeagatik salatua izan ostean. Kasu horretan ere Castron harrapatu zuten.