Gizartea -
Koronabirusa
Donostiako igerileku estaliak ekainaren bigarren hamabostaldian irekiko dituzte
Irekiera datorren asterako zegoen aurreikusita, baina uda erdian igerileku estalietan egin ohi den geldialdi teknikoa aurreratzea erabaki du Donostiako Udalak.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako Udalak uda erdian igerileku estalietan egin ohi den geldialdi teknikoa aurreratzea erabaki du. Beraz, instalazio horiek ekainaren bigarren hamabostaldian irekiko ditu, datorren astean egin beharrean, aurreikusita zegoen bezala.
Kiroldegietako igerileku estaliek aldez aurreko hitzordua izango dute, edukiera herenera edo erdira mugatuko da eta aldagela erabili ahal izango da, dutxak izan ezik, Donostiako Udalak ohar batean jakinarazi duenez.
Donostia Kirolak azaldu bezala, hurrengo asteetan egin beharko da udal instalazioetan egin ohi den geldialdi teknikoa. Hala, igerilekuak hustu, legionelaren aurkako tratamendua aplikatu eta beharrezkoak diren beste konponketa batzuk egingo dituzte.
Kiroletako zinegotzi Martin Ibabek adierazi duenez, Udal Kirol Patronatuak "nahiago izan du mantentze lanak lehenestea, udan zehar geldialdi tekniko gehiago egin behar ez izateko"; beraz, igerilekuen berrirekiera, hasiera batean datorren astelehenerako aurreikusita zegoena, ekainaren bigarren hamabostaldira atzeratuko da.
Donostia Kirolak aurreikusi duenez, maiatzaren 25ean 2. fasera igarotzekotan, "litekeena da kudeaketa publikoko aire zabaleko kirol-instalazioak ireki ahal izatea", bai eta beste batzuk ere, hala nola, Anoetako miniestadioa, Etxadiko padel-pistak, Mons, Ondarreta Tenisa eta Loiolako Erriberak. Pista horietara sartzeko ere aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da.
Ekainaren 8an gimnasioetara itzuliko da jarduera, edukieraren herenarekin eta aurretiko hitzorduarekin, baina aldagelak ezingo dira erabili.
Hondartza denboraldiarekin batera irekiko dituzte igerileku estaliak; saunak, spa eta kiroldegi pistak, halere, irekiera datarik gabe dauden oraindik.