Gizartea -

Ekainaren 9rako

Beste bi inputatu deklaratzera deitu dituzte, Osakidetzako oposizioen auzian

Hasiera batean urtarrilaren 21erako deitu zituzten baina hitzordua baliogabetzeko eskaera egin zuten. Epaitegiak eskaera hori aintzat ez hartzea erabaki du.

Lan-eskaintza publiko bateko deialdiaren irudia. Argazkia: Efe.
Lan-eskaintza publiko bateko deialdiaren irudia
Lan-eskaintza publiko bateko deialdiaren irudia. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzako 2016-2017ko lan-eskaintza prozesuan ustez izandako irregulartasunak ikertzen dituen Gasteizko epaitegiak deklaratzera deitu ditu Neurokirurgiako eta Neurofiziologiako zerbitzuetako arduradun nagusiak, ekainaren 9rako, lehen hitzorduaren aurka aurkeztutako alegazioak atzera bota ostean.

Bilboko Basurtuko Neurokirurgia zerbitzuko burua era Arabako Neurofisiologiakoa urtarrilaren 21erako deitu zituzten Gasteizko Instrukzioko 2 epaitegian, baina hitzordua baliogabetzeko eskaera aurkeztu zuten. Eskaera hori atzera bota du epaitegiak eta orain deklarazioa egiteko bigarren data eman diete, ekainaren 9a, LAB sindikatuak ohar batean aditzera emandakoaren arabera. Euskal sindikatua herri-akusazio gisa ari da prozesu honetan.

Orain arte, Anestesiologia, Angiologia eta Digestibo zerbitzuetako buruek deklaratu dute, Osakidetzako Lan-eskaintza publikoko azterketetan ustez izandako filtrazioak ikertzen dituen prozesuan.

Urtarrilean, Osakidetzak Neurofisiologiako eta Neurokirurgiako hautaketa prozesuak behin-behinean indargabetzea erabaki zuen. Horrela, 13 dira bertan behera geratu diren kategoriak Gasteizko epaitegiak ikertzen dituen bitartean.

Indargabetutako kategoriak

Behin-behinekoz bertan behera geratu diren beste hautaketa prozesuak Anestesia, Angiologia, Digestiboa, Kardiologia, Traumatologia, Kirurgia Plastikoa, Urologia, Medikuntza Intentsiboa, Larrialdiak, Mikrobiologia eta Kirurgia Kardiobaskularra alorretakoak dira.

LABek adierazi duenez, azken bi inputatuek hitzorduak baliogabetzeko aurkeztutako eskaerak atzera botatzea "oso positiboa" izan da, eta haiek deklaratzera deitzea ustezko filtrazioak "argitzeko beste aurrera pauso bat" dela adierazi dute. Azterketetan izandako ustezko filtrazioek Jon Darpon lehengo Osasun sailburuaren dimisioa eragin zuten, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza EAE albisteak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuak Erizaintza