Gizartea -

Koronabirusa

Oinezkoentzako guneak egokituko ditu Bilboko Udalak asteburu honetan

Hiriko zortzi barrutietan ezarriko diren aldi baterako neurriak oinezkoentzako eremuak gordetzea dute helburu, ibilgailu pribatuaren erabilera murriztuz.

Aurreko bi asteburuetan prestatutako 13 guneak atonduko dituzte. EFE
Bilboko kale baten artxibo irudia
Aurreko bi asteburuetan prestatutako 13 guneak atonduko dituzte. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreko bi asteburuetan prestatutako 13 guneak atonduko ditu berriro Bilboko Udalak larunbat eta igande honetan, oinezkoen joan-etorriak errazteko eta pertsonen artean mantendu beharreko tartea gorde ahal izateko. Hiriko zortzi barrutietan ezarriko dira, eta ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea ere dute helburu.

Horrela, ibilgailuen abiadura 20 km/h-ra mugatuko da, eta oinezkoek eta bizikletek lehentasuna izango dute. Guztira, 126.000 metro koadrotik gorako azalera izango da, joan-etorri osasungarriago eta jasangarriagoak bermatzeko, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Gune horiek mugatzeaz gain, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak hiriko hainbat semaforotan denborak egokitu ditu, oinezkoek lehentasuna izan dezaten. Era berean, espaloiak zabaldu, zirkulazioaren norabideak mugatu eta seinaleak gehitu ditu.

Halaber, Bilboko Udalak gogoratu du derrigorrezkoa dela sei urtetik gorakoek maskara erabiltzea, kalean, aire zabalean eta erabilera publikoko leku itxi guztietan, edota jendearentzat irekita dauden espazio itxietan, eta ezinezkoa denean pertsonen artean gutxienez bi metroko segurtasun tartea gordetzea.

Salbuespen gisa, osasun agintariek ezarritakoaren arabera, ez dute betebehar hori izango arnasa hartzeko zailtasunen bat duten pertsonek, maskara erabiliz arazoa larriagotu egiten bazaie, ez eta osasunari dagozkion arrazoi behar bezala justifikatuengatik maskara erabiltzeko kontraindikazioren bat dutenek, edo desgaitasun edo mendekotasun egoeragatik jokabide aldaketaren bat izanik erabiltzea ezinezkoa dutenek ere. Halaber, ez da maskararik erabiliko egoerarekin bateraezinak diren jardueretan.

Zonaldeak

Horrela, Deustuko zubiaren azpian Udaletxerako noranzkoko erreila oinezkoentzako pasabide gisa egokituko da. Zirkulazioa eten egingo da Erribera Botika Zaharreko San Inazio noranzkoan, Agirre anaien eta Frances Macia kaleen artean. Bidegorria erdibitzailetik gertuen dagoen zatira desbideratuko dute, eta galtzadatik jarraituko dute Salbeko zubiraino. Salbe zubiaren eta Agirre Anaiak kalearen arteko bidegorria moztu egingo dute oinezkoentzat, eta txirrindulariek galtzada erabili beharko dute.

Zubizuriko eta Aita Arrupeko zubietan martxaren bi noranzkoak mugatuko dituzte, oinezkoen joan-etorria errazteko. Zarandoa etorbidea (Deusturako noranzkoan) moztu egingo da Aragon kalearen eta Madariaga etorbidearen artean, oinezkoentzat erabiltzeko. Garajeetarako, garbiketa zerbitzurako eta Bilbobuserako pasabidea utziko da.

Lezamako Kale Zaharra oinezkoentzako erabiltzeko ere egokituko dute, Pikotamendi (Artxanda) gunearen eta Etxebarria parkearen lotura gisa. Bilbobus eta inguruko garajeetara doazen ibilgailu partikularrak bakarrik igaro ahal izango dira. Udaletxeko Zubia igotzeko eskuineko erreia oinezkoen erabilerarako mugatuko da, puntu horretan espaloia handitzeko.

Jesus Galindez kalea ere egokiuko dute, Txomin Garat eta Doctor Ornilla kaleen artean, Garaizar kalearen eta Gabriel Aresti etorbidearen arteko lotura libre utziz. Bilbobus eta inguruko garajeetara doazen ibilgailuak igaro ahal izango dira.

Era berean, oinezkoentzako gune gisa egokituko da Zabalbide Santa Klara, Iturriaga, Juan de la Cosa eta Santutxu kaleen arteko eremua.

Atxuri kalean Miraflores etorbidearen norabidera doan erreia oinezkoen zirkulaziorako erabiliko da, Caños pasealekuarekiko lotura hobetzeko, eta oinezkoentzako gune gisa gordeko da Kale Nagusia Mazarredo zumarkalearen eta Moyua plazaren arteko zatian. Garajeetarako sarrera-irteera bakarrik baimenduko da. Bilbobus eta taxi zerbitzua ondoko kaleetatik desbideratuko dituzte.

Era berean, oinezkoentzako gune gisa egokituko dituzte Arane eta Medina Pomar kaleak, Eskurtze parkearekiko lotura hobetzeko. Diaz Emparanza kalea egokituko dute, Villabaso kaletik oinezkoentzat erabiltzeko.

Azkenik, oinezkoentzako gune gisa gordeko da Olabeagako San Nikolas kaletik Muelle Sirgueras oinezkoentzako guneraino. Inguruko garajeetara irteteko eta sartzeko baimena egongo da. Bilbobuseko A-3 lineak ibilbidea aldatuko du.

Honekin batera, Basurtuko Geltoki kalea oinezkoen erabilerarako gordeko da, eta garajeetarako sarbidea baimenduko da; Estrada Abaro kalea, berriz, Zorroza-Kastrexana errepidearen eta Zorrozgoiti bidearen artean, oinezkoentzako egokituko da, eta Astillero kaletik zeharkako pasabidea eta garajeetarako sarbidea baimenduko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Bizkaia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Maskarak koronabirusa