Gizartea -

Koronabirusa

Estatuko herritarren % 46k sentimendu depresiboak izan dituzte, COVID-19agatik

Euskal Herriko Unibertsitatea buru izan duen ikerketa baten arabera, pandemiak herritarren % 78ri areagotu die ziurgabetasun-sentsazioa.

Hainbat herritar, Valentziako kale batean. Argazkia: EFE.
Hainbat herritar, Valentziako kale batean
Hainbat herritar, Valentziako kale batean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Estatuko herritarren % 46k sentimendu depresiboak nabaritu dituzte COVID-19aren pandemiagatik, Euskal Herriko Unibertsitatea buru izan duen ikerketa baten arabera; halaber, koronabirusagatik, ziurgabetasun-sentsazioa herritarren % 78ri areagotu zaie.

Ikerketaren esanetan, sentimendu depresiboak hauengan izan dira handiagoak: emakumeengan, konfinamendua bakarrean igaro dutenengan, lana galdu dutenengan eta gazteengan. Bartzelonako Unibertsitateak, Murtziako Unibertsitateak, Miguel Hernandez Unibertsitateak, Granadako Unibertsitateak eta UNEDek ere parte hartu dute ikerketan horretan.

Autonomia-erkidego guztietako 18-92 urte arteko 6.829 herritarrek osatu dute lagina, astelehen honetan EHUk ohar batean jakitera eman duenez. Proiektuak, lehenik eta behin, 40 herritarri egindako sakoneko elkarrizketetatik hartutako informazioa izan du kontuan; elkarrizketa horietan, herritarrei galdetu diete konfinamenduaren eta harren ondorioen gainean, haren eragin psikologiez eta kezka-arloez.

Elkarrizketa horiek abiapuntu, galdeketa birtuala egin dute, inkestan parte hartu duten 6.789 herritarrek erantzun dezaten. Horrela, pandemiaren eta konfinamenduaren orokortzeko moduko ondorioak atera ahal izan dituzte, "arlo emozionalean eta kognitiboan, eta portaera-arloan", dio EHUk.

Hala, inkestatuen % 78k adierazi dute ziurgabetasuna handitu zaiela; gorakada horren maximoa emakumeen % 12k eta gizonen % 6k nabarmendu dute. % 46ren hitzetan, ondoez psikologiko orokorra izan dute; gaixotasunak jotakoek, emakumeek eta gazteek bereziki pairatu dute ondoez hori.

Irrealtasun-sentsazioa

Gizonen % 38k eta emakumeen % 48k irrealtasun-sentsazioa sumatu dute, eta gizonen % 8k eta emakumeen % 15k, hurrenez hurren, esan dute sentsazio hori “asko” handitu dela. Herritarren heren batek dio kontzentratzeko arazoak izan dituela.

Parte-hartzaileen % 44k diote baikortasuna eta konfiantza behera egin zaizkiela, eta % 49k adierazi dute bizitasuna eta energia ere txikiagoak dituztela. Hori ere emakumeengan atzeman dute bereziki, bai eta gazteengan, COVID-19ª pairatu dutenengan, lan-egoera larriagoa dutenengan, eta pandemiak eragin handiagoa izan duen lurraldeetan.

Oro har, ikerketak ondorioztatzen du suminkortasun- eta haserre-sentimenduak areagotu egin direla; hala onartu dute inkestatuen % 47k. % 45ek, halaber, umore-aldaketak izan dituzte, batez ere gazteek, emakumeek, eta COVID-19aren sintomak izan dituztenek.

Portaera-aldaketei dagokienez, % 40k baino gehiagok onartu dute elikagai oso kalorikoak gehiago kontsumitu dituela, eta % 46k ariketa fisiko gutxiago egin du.

% 70ek alarma-egoera hasi aurretik baino gehiago erabili dituzte sare sozialak, eta % 67k esan dute telebista gehiago ikusi dutela. % 64k gehiago jokatu dute bideo-jokoetan.

Arazo psikologikoak ekiditeko gomendio orokorrak

Gainera, ikerketaren egileek hainbat gomendio orokor egin dituzte, B; besteak beste, aholkatu dute pandemiari buruzko informazio gehiegi ez izatea, eta ulertzea antsietatea, kezka edo suminkortasuna bezalako erreakzioak "espero modukoak" direla egoera honetan.

Haien iritziz, 100.000 pertsonak baino gehiagok izan litzateke ondorengo hilabeteotan arazoak doluarekin; hortaz, gomendatu dute herritarrei prozesu horren gaineko informazioa ematea, arrisku handiagoko kasuak detektatzea, prozesua gauzatzeko jarraibideak ematea, eta, kasu zailenetan, laguntza profesionala ematea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU EAE Espainia argazkiak Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur COVID kasuak Zer egin daiteke Euskadin? Deseskalatzea