Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia ezarri dute gaur Euskadin, prezipitazio iraunkorrengatik
Udazken itxurako eguraldia nagusituko da eta 17-20 ºC bitartean espero dira. Metro karratuko 40 litro pilatuko dira isurialde atlantikoan. Abisu horiak 21:00ak arte iraungo du.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du gaur, osteguna, Euskadin, prezipitazio handiak aurreikusi baitira; izan ere, zenbait puntutan metro karratuko 40 litrotik gora egin ditzake, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Zehazki, abisu horia 03:00etan jarri da indarrean eta 21:00ak arte iraungo du. Isurialde atlantikoko zenbait puntutan ordubetean metro karratuko 15 litro baino gehiago bota ditzake, batez ere, kostaldean.
Iragarpenen arabera, ekaitzak izateko arriskua dago, eta zaparrada handiak egin ditzake, batez ere, kostaldean, eta prezipitazio txikiak eta ertainak ere aurreikusi dira, iraunkorrak izan daitezkeenak; beraz, metro karratuko 40 litro pilatuko dira isurialde atlantikoan, bereziki, ekialdean.
Horrela, ostegunak udazken itxurako eguraldia izango du: tenperaturak behera egingo du, haizea zakar ibiliko da eta giro euritsua izango dugu.
Zerua lainotuta egongo da eta euria denera zabalduko da, baina ipar partean sarriago eta indar handiagoz egingo du euria. Gainera, kostaldetik gertu zaparradak handiak eta trumoitsuak izan daitezke.
Tenperaturak nabarmen egingo du behera, eta herri askotan 20 ºC espero dira gehienez. Halaber, ipar-mendebaldeko haizea bizi-bizi ibiliko da eta traba egingo du.
Bihar, ostirala, ildo beretik jarraituko du ipar partean, baina hegoaldean ateri eutsiko dio. Kostaldetik gertu, ezegonkortasun hondarrak geratuko dira eta euri txikia egingo du goizean, tarteka; egunaren bigarren zatian, atertzera egingo du.
Hegoaldean, berriz, eguna lainopean hasiko dugun arren, ateri eutsiko dio eta ostarte zabalak irekiko dira arratsaldean. Ipar-mendebaldeko haizea bizi-bizi ibiliko da, bereziki kostaldean eta Ebro ibarrean. Tenperaturak apur bat egingo du gora, baina oraindik freskotik jarraituko du.