Gizartea -

Sexu abusuak

Ostegunean kaleratuko dute epaia, La Manadako kideei Kordoban egotzitako abusuez

Talde horretako lau kideri Iruñean bortxaketa egin aurretik Pozoblanco Kordobako herrian emakume gazte bati sexu abusuak egitea leporatu diete.

Lau akusatuak, epaiketan zehar. Argazkia: Efe.
Akusatuak, epaiketan
Lau akusatuak, epaiketan zehar. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kordobako zigor arloko 1 zenbakiko epaitegiko epaileak ostegunean iragarriko du La Manada Whatsappeko taldeko lau kideren aurkako epaia, Pozoblanco Kordobako udalerrian emakumezko gazte bati sexu abusuak egitea egotzita 2019ko azaroaren 18tik 21era epaitu eta gero. Gertakari hauek 2016ko sanferminetan egin zuten bortxaketaren aurrekoak dira, zeinarengatik lau kide horiek eta bosgarren batek 15 urteko kartzela zigorra jaso baitzuten.

Fiskaltzak zazpi urtetik seira jaitsi zuen zigor eskaera: emakumezkoari ustez eurek eginiko sexu abusuengatik hasieran hiru urteko zigorra eskatzen bazuen ere, azkenean bikoa eskatu du, baita launa urte gehiagokoa ere bideoa zabalduta intimitatearen aurkako delitua egotzita eta 720 euroko isuna auzipetuetako bati, lesio arinak eragiteagatik.

Ministerio Publikoak, gainera, kalte-ordain komun eta solidarioa ordaintzeko eskatu die akusatuei, erantzukizun zibil gisa: 4.500 sendaketagatik eta 6.000 gehiago eragindako kalte moralengatik.  

Bestalde, akusazio partikularrak bi urte eta sei hileko kartzela zigorra eskatu du, baita bost urteko urruntze agindua eta urtebeteko askatasun zaindua ere sexu abusuen delitu jarraitua egiteagatik: gainera, lau urte eta hiru hileko zigorra ere eskatu du intimitatearen kontrako delituagatik. Halaber, 3.600 euro eskatzen ditu egindako lesioengatik eta 80.000 kalte moralarengatik.

Herri akusazioak, Clara Campoamor Elkarteak ordezkatuta, zigor berberak eskatu ditu, baina A.J.C. auzipetuaren aurka bost urteko zigorra eskatu du sexu erasoa leporatuta, sexu abusuengatik bi urte eta sei hilekoa eskatu ordez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak ‘La Manada’ auzia Eraso sexualak gaur