Gizartea -
Indarkeria matxista
Errumaniara ihes egiteko asmoa zuen sexu erasotzaile bat atxilotu dute Sunbillan
Asteazkenean atxilotu zuten kontrol batean, N-121-A errepidean. Atxilotuak 28 aurrekari ezberdin ditu, besteak beste, adingabe bati egindako sexu-erasoa.
Agentzia | Erredakzioa
Elizondoko foruzainek 33 urteko gizonezko bat atxilotu dute Sunbillan, espetxea saihesteko saiakeran, Errumaniara ihes egiteko asmotan. Besteak beste, adingabe bati sexu-erasoa egin izana leporatzen diote.
Foruzaingoak zehaztu duenez, Nafarroan adingabe bati egindako sexu-erasoagatik nazioarteko atxilotzeko agindua zuen gizonak, baita espetxeratzeko agindua ere.
Asteazkenean atxilotu zuten kontrol batean, N-121-A errepidean, Sunbillan.
Ibilgailu bati gelditzeko agindua eman ondoren, foruzainek hiru bidaiariak identifikatu zituzten, guztiak errumaniarrak. Hasiera batean, horietako batek agiriak Iruñeko etxean ahaztu zituela argudiatu zuen.
Orduan bere izena paper batean idazteko eskatu zioten foruzainek, baina idazten eta irakurtzen ez zekiela erantzun zuen hark. Argudio oso sinesgarria ez zela ikusita Foruzainak ibilgailua miatu zuen. Diru-zorro bat ezkutaturik topatu zuten auto barruan, eta barnean Errumaniako nortasun agiri bat, atxilotuaren argazkiarekin.
Une horretan nazioarteko atxilotzeko eta espetxeratzeko agindua zuela baieztatu zuten foruzainek. Nafarroako Auzitegiak sexu-erasoagatik zigortu zuen 2017an.
Atxilotuak 28 aurrekari ezberdin ditu, besteak beste, legez kanpoko atxiloketa, mehatxuak, tratu txarrak, bortxazko lapurreta eta trafiko segurtasuna.
Atxilotu ondoren gizona Iruñera eraman zuten. Azkenik, Nafarroako hiriburuko kartzelan espetxeratu zuten.