Gizartea -

Errepideetan hildakoak

15 pertsona hil dira uztail eta abuztuan Euskadiko errepideetan

Udako bi hilabete horietan, joan den urteko tarte berean baino 10 pertsona gehiago hil dira Euskadiko errepideetan.

Guztira, 1.211 zirkulazio istripu izan dira Euskadin. Argazkia: EFE
Guztira, 1.211 zirkulazio istripu izan dira Euskadin. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

15 pertsona hil dira aurten uztailean eta abuztuan Euskadiko errepideetan. Joan den urteko hilabete berdinetan baino 10 pertsona gehiago hil dira aurten, Amparo Lopez Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak ostegun honetan jakinarazi duenez.

15 heriotza horietako bi autobidean izandako istripuetan izan ziren; hamaika, bigarren mailako errepideetan; eta herri barruko errepideetan, bi. Guztira, 1.211 zirkulazio istripu izan dira Euskadin (2010ean 1.233 izan ziren). eta 62 pertsona larri zauritu dira horietan. Bi hilabete horietan zazpi milioi joan-etorri izan dira Euskadiko errepideetan; beraz, ezbehar-kopurua "oso baxua" dela esan du Lopezek Bilbon egindako prentsaurrekoan. Espainian 321 pertsona hil dira errepideetan uztailean eta abuztuan. 2010ean baino 41 gutxiago izan dira eta, hartara, aurtengoa azken 50 urteetan ezbehar-kopuru txikiena izan duen uda izan dela jakinarazi du gaur Antonio Camacho Barne ministroak.

Euskadiko errepideetan izandako istripu gehienak ibilgailuak galtzadatik irten direlako izan dira, eta istripua izan duten gidarien batez besteko adina 39 urtekoa izan da. Gainerako hamar hiletan istripua izan duten gidarien batez besteko adina 27 urtekoa zen.

Istripua izan dutenen % 65 gizonezkoak ziren eta % 2k ez zeramaten segurtasun uhala jarrita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea