Gizartea -

KORONABIRUSA

Nazioarteko lehen bidaiariak hartu ditu Bilboko Aireportuak

Frankfurten aireratutako hegazkin bat iritsi da arratsaldean Loiuko aireportura. Martxoaren 26az geroztik bidaiariz beteta heldu den lehen abioia da.

Bilboko aireportua. Argazkia: EFE
Bilboko aireportua
Nazioarteko lehen bidaiariak hartu ditu Bilboko Aireportuak

1:45

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemia dela eta, nazioarteko hegaldiak bertan behera geratu ziren joan den martxoaren 26an. Gaur arratsaldean, baina, bidaiariz betetako lehen hegazkina iritsi da Loiuko aireportura. Frankfurten aireratu da eta 17:06an heldu da. 

Lufthansa Group konpainiak astelehen honetan berrabiatu ditu hegaldiak Bilboko Aireportutik. Hala, Europako hainbat hiritarako hegaldiak eskainiko ditu berriro, 130 helmuga baino gehiagorekin konexioak eginez.

Lufthansa airelineari dagokionez, gaur ekin die berriro operazioei Bilboko Aireportuan, eta astean hiru aldiz egingo ditu hegaldiak (astelehen, asteazken eta ostiraletan) Bizkaiko terminalaren eta Frankfurten artean. Ostegunetik aurrera, Eurowingsek Bilbo eta Düsseldorf lotuko ditu, astean bi aldiz (ostegunetan eta igandeetan).

Bestalde, Brussels Airlinesek astean lau egunetan (astelehenetan, asteazkenetan, ostiraletan eta igandeetan) eskainiko ditu hegaldiak, ekainaren 29tik aurrera, Loiu eta Brusela artean.

"Lufthansa taldearentzat Loiu da Espainian dagoen aireportu nagusietako bat, aspalditik. Izan ere, 30 urte daramatzagu bertatik lanean, eta asko pozten gaitu munduko gainerako tokiekin berriro konektatzeak", nabarmendu du Julia Hillenbrand Lufthansa Group konpainiak Espainian duen zuzendari nagusiak.

Volotea hegaldi merkeen konpainia, aldiz, bihar hasiko da Bilboko Aireportutik berriz lanean, eta bi ibilbide berri eskainiko ditu. Izan ere, udatik aurrera Valentzia eta Castelló de la Planarekin lotuko dute Bilbo, astean birritan.

Gainera, Loiun hegazkin bat izatetik bi izatera igaroko da, "eta horrek konpainiak bertoko enpleguarekin duen lotura erakusten du", 80 langile izango baititu: eskifaia osatzen dutenak, lurreko langileak eta mantentze-lanetakoak.

Testuinguru horretan, Bilboko Aireportua "nazioarteko osasun publikoko larrialdiei erantzuteko gaitasuna duen sarrera-puntu" gisa sartzeko agindua sinatu du Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko Garraio ministroak.

Horrela, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak eskerrak eman dizkio ministroari, "Bilboko Aireportua nazioarteko sarrerako ate gisa kontuan hartzeagatik".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bilbo Bizkaia Turismoa Euskadi Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa