Gizartea -
Koronabirusa
Caritasen EAEko erabiltzaileen herenek diru sarrerak galdu dituzte covid-19agatik
Gainera, koronabirusaren ondorioz “amildegi digitala” ere handitu dela adierazi du gizarte laguntzarako eliz elkarteak.
Agentziak | Erredakzioa
Caritas Euskadik gizarte bazterketarako arriskuan direla eta artatu dituen hiru pertsonatatik batek diru sarrera guztiak galdu ditu covid-19aren pandemiak enplegu eta ekonomia mailan eragin duen krisiaren ondorioz, Eliza Katolikoaren ardurapean dagoen gizarte laguntzarako elkartearen datuen arabera.
Caritas Euskadik gizarte bazterketarako arriskuan eta pobrezian zeuden 27.806 pertsona artatu zituen 2019an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berorien % 57 emakumeak, 13.357 Bizkaian, 8.461 Gipuzkoan eta 5.988 Araban, Carlos Bargos Caritasen Bizkaiko zuzendariak Bilbon kazetarien aurrean azaldu duenez.
Bargosen hitzetan, “enplegu informalak direnez, pertsona horiek ez dute gizarte babesik, eta Caritasen artatzen ditugun pertsonen diru sarreren jaitsiera horren handia izan da, non hamar erabiltzailetatik hiruk ez baitute gaur-gaurkoz ezein diru sarrerarik”.
Covid-19aren beste ondorioetako bat da pobreziak jotakoen eta gizartean errotutakoen arteko “amildegi digitala” handitu izana, pertsona horietako askoren etxeetan ez baitago Interneterako konexiorik eta, ondorioz, bertako biztanleek ezin baitute administrazioarekiko izapiderik egin edo, konfinamenduan gertatu denez, eskola jarduerarik egin.