Gizartea -

Koronabirusa

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga ekainaren 21ean zabalduko dute

Inguruko herrialdeekin dituen mugak ekainaren 15ean irekitzeko asmoa du Frantziak, baina Espainiarekin salbuespena egingo du, biek bat egiteko.

Iparraldeko muga. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia
Iparraldeko muga.
Iparraldeko muga. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziak ekainaren 21era arte izango ditu Espainiarekin dituen mugak itxita, baina Europar Batasuneko gainerako herrialdeentzat ekainaren 15ean geratuko da bertan behera debekua, Frantziako Barne Ministerioak jakitera eman duenez. Horrela, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga ez dute datorren asteko igandera arte (hilak 21) zabalduko.

Espainiak, alarma-egoera indarrean egon bitartean beste herrialdeetatik iristen diren herritarrei koarentena ezartzea erabaki duenez, gaur egun indarrean dauden neurri murriztaileak bertan behera geratu arte muga zeharkatzeko murrizketak bere horretan izango ditu Frantziak.

"Ekainaren 21etik aurrera, gaur egungo murrizketa guztiak kendu beharko lirateke mugaren alde batean zein bestean", adierazi du Frantziako Barne Ministroak, ostegun goizean Christophe Castaner eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroek telefonoz hitz egin zutela esan ondoren.

Erresuma Batuak ere koarentena ezarri die atzerritik iristen diren bidaiariei, eta Frantziak elkarrekikotasunaren arauari eutsiko dio, Jean-Baptiste Lemoyne Frantziako Kanpo idazkariak gogorarazi duenez.

Dena dela, Londresek neurri hori datozen asteetan bertan behera uztea espero duela esan du Lemoynek, prentsari egindako adierazpenetan, uztailetik edo abuztutik aurrera bi herrialde horien artean bidaiari eta, batez ere, turista fluxuei berriro ekin ahal izateko.

Schengen espazioaren kanpoko mugak berriro irekitzeari dagokionez, Europar Batzordeak gutxienez uztailaren 1era arte itxita jarraitzea proposatu du, eta, horren harira, joan-etorriak egiteko aukera emango duten herrialdeen zerrenda prestatzen ari direla azaldu du Frantziako Estatu idazkariak.

Ildo horretatik, zerrenda horrek ez dituela helburu "diplomatikoak" izan behar azpimarratu du, bere esanetan, osasun izaerako "irizpide objektiboei" erantzun behar baitie.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuakAlbiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Nafarroa gaur Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Gizartea