Politika -

KORONABIRUSA

Nafarroa eta EAE artean ez da mugikortasunik izango ekainaren 22ra arte

Maria Chivitek Iñigo Urkulluri esan dio Nafarroako Gobernuak nahiago duela 3 fasea amaitu arte itxarotea alarma egoera bertan behera uzteko.

Chivitek segurtasuna eta zuhurtzia lehenetsi nahi ditu. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.
Iruñerako errepidea
Chivitek Nafarroatik EAErako mugak ekainaren 22an zabaldu nahi ditu

0:48

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako herritarren arteko mugikortasuna ez da gauzatuko deseskalatzearen 3 fasea amaitu arte, eta ez datorren astelehenean, lehendakariak proposatu bezala, Maria Chivite Foru Gobernuko presidenteak Iñigo Urkulluri jakinarazi dionez.

Lehendakariak joan den igandean egindako konferentzian Euskadi, Errioxa, Kantabria eta Nafarroaren arteko mugikortasuna zabaldu nahi zuela adierazi ostean, bi presidenteek elkarrizketa izan dute asteazken honetan.

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako iturriek Eferi baieztatu diotenez, Nafarroako presidenteak lehendakariari jakinarazi dio bere eta Nafarroako Gobernuaren asmoa dela 3 fasearen amaierara arte itxarotea alarma-egoera altxatzeko, eta jarrera hori, "jakina, Euskadik errespetatzen du".

Aipatu iturrien arabera, Eusko Jaurlaritzak fase aldaketari eta alarma-egoera kentzeari buruzko erabakia hartuko du, autonomia erkidego osoaren datu epidemiologikoen eta osasun-bilakaeraren arabera.

Lehendakariak Miguel Angel Revilla Kantabriako presidentearekin eta Concha Andreu Errioxako presidentearekin hitz egingo du datozen egunetan, eta Diputatuen Kongresuak berretsitako Errege Lege Dekretuaren interpretazioa eta egokitzapena aztertuko ditu, baita alarma egoera "inguruneko egoeraren arabera" altxatzearen eraginkortasuna ere.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak aurreratu zuenez, Chivitek segurtasuna eta zuhurtzia lehenetsiko ditu mugakide diren erkidegoekin mugikortasunari buruz erabakitzeko orduan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Kantabria María Chivite Koronabirusa