Gizartea -
KORONABIRUSA
Zer neurri hartu behar dira nazioartera bidaiatzeko?
Bartzelonako Clinic Ospitaleko bi medikuk dokumentu bat osatu dute osasun egoera honetan atzerrira bidaiatu aurretik, bidaian bertan eta itzuleran kontuan izan beharreko gomendioekin.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Konfinamenduaren ondoren, nazioarteko toki urrun edo exotikoren batera bidaiatzea pentsatzen ari diren horiei, koronabirusak indarrean jarraitzen duela eta prebentzio neurriak hartu beharra daudela gogorazten jarraitzen dute osasun agintariek. Hala, behar diren txertoak jartzea, mediku-aseguru bat kontratatzea, maskarak, hidroalkohola eta termometroa eramatea, eta atzerriko merkatuak, animaliekin kontaktuak eta jende-pilaketak saihestea dira, besteak beste, nazioarteko medikuntzako espezialistek ematen dituzten aholkuetako batzuk.
Natalia Rodriguez-Valero Bartzelonako Clinic Ospitaleko Nazioarteko Osasuneko eta Medikuntza Tropikaleko Zerbitzuko medikuak eta Jose Muñoz ospitale bereko Nazioarteko Osasun Zerbitzuko buruak (ISGlobaleko ikertzaileak biak) nazioarteko bidaiei nola berrekin aztertzen duen dokumentu bat prestatu dute, bidaiaren aurretik, bitartean eta ondorenerako gomendioak emanez:
- Txertoa hartu, batez ere arrisku handiko tokietara bidaiatzen bada, hala nola, malaria, dengea edo beste gaixotasun tropikal batzuk daudenetara.
- COVID-19az kutsatzeak eragin ditzakeen osasun gastuak eta aberriratze-gastuak bere gain hartuko dituen mediku-aseguru bat kontratatu.
- COVID-19 sintoma susmagarriren bat izanez gero, ez bidaiatu, eta berehala medikuarekin harremanetan jarri. Sintomak bidaian edo itzuleran agertzen badira, gertuen duzun osasun zerbitzuarekin harremanetan jarri.
- Maskarak eraman, hegazkinetan derrigor erabili beharrekoak baitira. Gel hidroalkoholikoa eta termometroa ere eraman behar dira. Gainera, pandemia hau dela eta herrialdeek eta hegazkin-konpainiek hartu dituzten neurriak kontsultatu behar dira, herrialde batzuetan 14 eguneko koarentena bete behar baita, nahitaez, iristean. Horretarako, Espainiako Atzerri Ministerioaren webgunea bisitatu behar da, herrialde bakoitzak bidaiariei eskatzen dizkien azken baldintzen berri izateko, eta International Air Travel Association (IATA) erakundearen webgunea ere bai.
- Ez da aireportura behar baino goizago joan behar (hegaldia atera baino 90 minutu lehenago gomendatzen da), jende pilaketak saihestu behar dira, segurtasun distantzia errespetatu eta maskara jantzi ilaran egon behar bazara. Kontuan izan behar da hainbat aireportutan soilik bidaiariak sar daitezkeela terminaletara.
- Hegazkinean maskara jantzita joan behar da bidaia osoan. Eskuak maiz garbitu behar dira gelaren eta "ur nahikoa edan mukosak hidratatu izateko, hegazkin baten barrua lehorra baita". "Kabinako airea edo %100 freskoa da edota %10-30eko birzirkulazioa izaten du eta IATAren arabera, konpainia moderno gehienetan aire hori ebakuntza-geletan izaten diren filtro mikrobianoen antzekoetatik igarotzen da, beraz infekzio arriskua ez litzateke oso altua. Beste kontu bat da eserlekuan ondoan dugunak kutsatzailea izateko duen arriskua, ezeren sintomarik ez badu ere" ohartarazi dute.
- Behin opor lekura iritsitakoan, ahal bada ez da osasun zentro batera joan behar (gaixotze kasuan izan ezik, noski), kutsatze arriskua gutxitzeko, eta ez da komeni ez merkatuak bisitatzea ezta animaliekin harremana izatea ere, gaixotasunen bat izan baitezakete.
- Jende asko dabilen edota segurtasun distantzia mantentzea ezinezkoa den tokiak ekidin behar dira. Araudia betetzen duten ostatuak aukeratu behar dira, eremu partekatuetan nola jokatu argi dutenak, bereziki, eta garraio partekatua saihestu (arrisku taldeko pertsonek batez ere).
Herrialde hartako osasun agintarien arauak bete behar dira beti.
"Egonaldian eta bereziki itzultzeko unean sintomak agertuko balira, aerolineek eragozpenak jar diezazkiokete bidaiari itzultzeko. Gauzak horrela, hasietatik jakin behar da herrialde zaurgarri batera bidaiatuz gero, osasun sistemak kolapsatuta egon daitezkeela, eta zailagoa dela arreta eta tratamendu bat eskuratzea ", nabarmendu dute bi medikuek.
Etxera itzultzean, bi espezialistek logikoa ikusten dute 14 eguneko koarentena egitea edo infekzioa kontrolatzeko edozein metodo jarraitzea; batez ere Espainiako Estatuak baino kasu gehiago erregistratzen dituen herrialde batera bidaiatu bada.