Gizartea -
Nafarroa
Aitak atxikitutako adingabe bat askatu du Foruzaingoak Artikan
Lau urteko alabarekin hiru orduz etxean gotortu da gizona. Umea askatu ostean, gizona atxilotu eta ospitalera eraman dute, azterketa psikiatrikoa egin diezaioten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lau urteko alabarekin etxean gotortutako aita batek haurra askatu du azkenean, Foruzaingoaren negoziazio taldearekin hiru orduz aritu ostean, Nafarroako Artika udalerrian, Foruzaingoak berak jakitera eman duenez.
Gertaera larunbat arratsalde honetan jazo da, Artikako etxebizitza batean. Herritar batek abisua eman du esanez auzokide batek senar ohia alabarekin gotortu dela etxe barruan. Herri babeserako patruilak eta Foruzaingoko polizia-negoziatzaile talde bat bertaratu dira. Hiru ordutako negoziazioaren ostean, gizonak alaba askatu du. Orduan, Foruzaingoak aita atxilotu du, eta ospitalera eraman, azterketa psikiatrikoa egin diezaioten.
Asteazkenean beste antzeko jazoera gertatu zen udalerri berean. Gizonezko batek emaztea eta bere lau seme-alabak kaleratu zituen. Horiek Buztintxuriko osasun zentrora eraman zituzten eta, bien bitartean, gizona etxean gotortu zen. Gainera, bere burua leihotik botatzearekin mehatxatu zuen. Foruzaingoko negoziatzaile taldea ordu eta erdi lanean aritu ostean, gizona etxetik atera zen.