Gizartea -

Bilboko metroa

Ibarbengoako geltokia martxan da jada, urteetan zain egon ondoren

Getxoko geltokiaren irekiera aurreikusitakoa baino gehiago atzeratu da, horren ondoko disuasio-aparkalekuaren obrak amaitutakoan koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz.

Ibarbengoako geltokia (Getxo), Bilboko Metroaren 1. Lineari dagokiona. Argazkia: Aitor Oviedo
Ibarbengoako geltokia (Getxo), Bilboko Metroaren 1. Lineari dagokiona.
Getxoko Ibarbengoako metro geltokia martxan da

0:52

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Metro Bilbaoren 1. Linean (Etxebarri-Plentzia) dagoen Ibarbengoako (Getxo) geltokia martxan da jada. Ondoko aparkalekuko lanak amaituta, geltokia "urteko lehen hiruhilekoan" inauguratzea aurreikusita zegoen, baina aurreikusitako epeak atzeratu egin dira koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz.

Ibarbengoako lurgaineko tren geltokia Metro Bilbaok Getxon duen zazpigarren geltokia da, eta Bilboko itsasadarraren eskuinaldetik joaten diren bidaiariei emango die zerbitzua. Puntako orduetan, trenak 5-6 minutuan behin igaroko dira Bilborantz. Gainera, Bidezabal eta Berangoko geltokien artean dagoenez, 2. guneko tarifa du.

Hala, astelehen honetan hasi dira trenak Andra Mari auzoko geraleku berrian hartzen. Geraleku horretako lanak 2008an hasi zituzten eta hiru urte iraun dute, baina hasiera batean aurreikusitakoa baino gehiago atzeratu da inaugurazioa, geltokia guztiz amaituta egon arren. Urte hauetan, trenak ez dira Ibarbengoako nasetan gelditu, geltokiaren ondoan disuasio-aparkaleku bat eraikitzeko zain egon baitira.

"Instalazio berri horien bidez, inguruetan bizi diren egoiliarrei garraio publikoaren erabilera erraztu nahi zaie; izan ere, inguru horiek dentsitate txikikoak dira eta metroaren eragin-eremutik kanpo daude", Bizkaiko Garraio Partzuergoak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Aparkalekuak 295 plaza ditu, eta horietako bederatzi mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat dira. Azpiegiturak hiru solairu eduki arren, horietako bi lurpean daude. 70 zentimo ordainduta utzi ahalko da autoa aparkaleku estalian, egun osoan, "metroaren zerbitzuaren ordutegiak errespetatzen badira eta garraio hori erabiltzen bada".

Ildo horretatik, sarbidean hobekuntzak egin dituzte. Trenbidearen ibilbidearen parean dagoen eta Ormazako estratarekin lotura duen errepidetik iristen da aparkalekura, eta, horrela, bide horren eragina ahalik eta txikiena izango da.

Aparkalekuaren aurrekontua 5,8 milioi eurokoa izan da, eta, hori ere kontuan hartuta, Metro Bilbaok lau disuasio-aparkaleku izango ditu guztira: Ibarbengoan, Leioan, Etxebarrin eta BECen.

Alabaina, parking hori landa-eremu baten erdian eraikitzeak polemika sortu du. 2014an, Andra Mariko bizilagunek Tosu Betirako plataforma sortu zuten, landa-eremua babestea aldarrikatzeko. Horretarako, "erresistentzia baketsua" egin zuten modu aktiboan, hitzaldiak, tailerrak eta kanpaldi bat antolatuz aparkalekua egin duten inguru horretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Getxo Sopela Bizkaia Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Metro Bilbao Gizartea Bilbo erdialdeko sarbidea Eguneko albisteak Leioa Plentzia Albisteak Berango Gorliz Urduliz Garraio publikoa