Gizartea -
Bizkaia
Gueñesen baserri bat okupatuta zeukan persona bat kaleratu dute bizilagunek
Sare sozialen bidez gero eta bizilagun gehiago mobilizatu ziren, eta, azkenean, inguruetan 200 lagun inguru bildu ziren. 22:00ak aldera, gizona bertatik alde egitea lortu zuten.
Euskadi Irratia | Erredakzioa
Bizkaiko Gueñes herrian baserri bat okupatuta zeukan persona bat kaleratu dute bart gauean 200 bat bizilagunek.
Oso haserre, auzokideek elkarretaratzea egin zuten baserriaren aurrean, eta, 22:00ak aldera, gizona bertatik alde egitea lortu zuten.
Baserriaren jabearen semeetako bati 17:00ak aldera ohartarazi zioten eraikina okupatuta zegoela. Gertatutakoaren berri izan ondoren, Ertzaintzari deitu zion, eta patruila bat kanpoan gelditu zen.
Orduak igaro ahala, gero eta bizilagun gehiago mobilizatu ziren sare sozialen bidez, eta, azkenean, inguruetan 200 lagun inguru bildu ziren.
Bizilagun batzuk, salatzailearen baimenarekin, baserrira sartu ziren hainbat ertzainekin batera. Hala, barruan zegoen gizonak alde egin behar izan zuen, baina ertzainek lagunduta atera zen, manifestariekin sortutako tentsioaren ondorioz.