Gizartea -
Ibilbidearen aldaketa
Jaizkibelek eserialdia egin du Hondarribiko alardean
Konpainia mistoari plastiko beltzekin egin diete harrera alarde tradizionala aldarrikatzen dutenek, baina herritar ugariren babesa ere jaso du.
Erredakzioa
Jaizkibel konpainia mistoak eserialdia egin du Hondarribiko alardean Herrizaingo Sailak ezarritako ibilbide aldaketarengatik protesta egiteko.
Plastiko beltzak zeramatzaten eta alarde tradizionala aldarrikatzen zuten herritarrek egin diote harrera konpainia mistoari herriko zenbait puntutan. Hala ere, Jaizkibelek babes zabala jaso du herritarren aldetik eta baita agintari batzuengandik ere.
Jaizkibel konpainia 08:20ean abiatu da, aurreikusitakoa baino 10 minutu lehenago, eta irain eta plastiko beltz artean egin du kale Nagusia, Alarde tradizionalaren aldekoen erdian. Udaletxearen parean 'Herriko etsaiak' zioen pankarta baten aurretik ere igaro dira.
Armen plazara iritsi ondoren, kale Nagusia hartu dute berriro eta txistuak eta alarde tradizionalaren aldeko oihuak entzun badituzte ere, ez da istilurik izan. Udaletxeko arkuen parean tentsio momenturen bat bizi izan da alarde tradizionalaren aldeko emakume batek Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiari kartela aurpegi parean jarri dionean.
350 inguru pertsonek osatzen zuten aurtengoan alarde mistoa eta ibilbidearen erdian, denak batera, lurrean eseri dira Herrizaingo Sailak kale batzuetatik pasatzea debekatu diela salatzeko eta 10 minutu inguruko eserialdia egin dute.
Ertzaintzak inguratuta egin dute ibilbidea Jaizkibelekoek eta momenturen batean eztabaidaren bat piztu da partehartzaileen eta ertzainen artean.
Anabel Salinas Jaizkibel konpainiaren kapitainak esan du aurtengoa urte "zaila" izan dela Herrizaingo Sailaren debekuagatik. Rodolfo Ares buru duen Saila kritikatu du, izan ere, "segurtasunean oinarritu du erabakia, baina azken urteetan ez da ez istilurik ez ezer gertatu". Salinasen esanetan, Jaizkibel alarde tradizionalaren kaleetatik ez pasatzeko hartu du erabakia Eusko Juarlaritzak.
Horren harira, eserialdiarekin Jaizkibeleko partehartzaileen "sumindura" erakutsi nahi izan dutela azaldu du, zeren "urtero urtero irainak eta errespetu falta handia pairatzen ditugu kale Nagusitik pasatzen garenean".
Hala ere, gustura agertu da Jaizkibel "egunetik egunera handiagoa" delako eta "batzuek ikusi nahi ez duten arren, geroz eta herriko jende gehiagok babesten gaitu eta horrek indarra ematen digu lanean jarraitzeko, berdintasunean oinarritutako alarde publiko bakar batean parte hartzeko helburua lortzeko".
Hori dela eta, "eseri eta elkarrizketaren bitartez gatazka konpontzeko pausoak emateko" deia egin die alkateari, Alardeko Batzordeari eta erakundeei.
Bestalde, Hondarribiara joan dira Jaizkibel konpainiari babesa ematera Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Laura Gomez Aldundiko Berdintasunerako zuzendaria, Jon Abril, Aintzane Ezenarro eta Rebeka Ubera Aralarrekoak, Francisca Sanchez EBkoa, Miren Legorburu ezker abertzalekoa eta Bilduko hainbat kide.
Julia Hernandez Arartekoaren ondokoa eta Reina Ruiz Emakundeko ordezkaria ere bertaratu dira Iñigo Lamarca arartekoak eta Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak ezin izan dutelako bertaratu.
Martin Garitanok "penagarri"tzat jo du Herrizaingo Sailak "atzerapausoak ematea, denboran atzera egitea, dagoeneko gaindituta genuen egoera batean jartzea".