Gizartea -

Koronabirusa

2020-21 ikasturteko aurrez aurreko eskolen diseinua egin du Nafarroak

Sektore blokeatzaileak eta bizikidetza talde egonkorrak egongo dira, pertsonak eta eremuak zonifikatzeko, agerraldi bat egonez gero sektore edo taldeak isolatu ahal izateko.

Ikaslea. Argazkia: Efe
Ikaslea. Argazkia: Efe
Nafarroako ikastetxeak sektoreka banatuko dituzte datorren ikasturtean

0:59

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak prebentzio eta antolakuntza protokolo bat osatu du 2020-2021 ikasturtean aurrez aurreko eskolak emateko, eta bertan sektore blokeatzaileak eta bizikidetza talde egonkorrak egongo dira, pertsonak eta eremuak zonifikatzeko, agerraldi bat egonez gero sektore edo taldeak isolatu ahal izateko.

Protokoloak ez du jasotzen tenperatura hartzea, eta "aurreikusi ezin den" ikasturte baterako dago prestatua, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak azaldu duenez. Horregatik, agertoki desberdinak planteatzen ditu, osasun egoera desberdinei aurre egin ahal izateko. Horrela, protokoloa "berrikusi" egingo da "etengabe".

Haur eta Lehen Hezkuntzan ikasleak elkarbizitza egonkorreko taldeetan banatuko dituzte, gehienez 25 ikaslerekin eta irakasleekin, eta zentroko gainerako taldeetatik bereizita egongo dira, ia erabat isolatuta. Talde horren barruan, aske mugituko dira, eta ez da beharrezkoa izango musukorik erabiltzea.

Talde egonkor horietatik kanpo, baina, musukoa erabili beharko da, eta metro eta erdiko distantzia zaindu. Gainerako etapetan ere, beharrezkoa izango da musukoa, distantzia gorde ezin denean, baina ez da erabili beharko eserita egoteko, distantziari eusten bazaio.

Irakasleen kasuan, erabilera boluntarioa izango da talde egonkorretan daudenean, eta beharrezkoa izango da gainerako kasuetarako, distantzia zaindu ezin denean. Garraioan beharrezkoa izango da 6 urtetik gorakoentzat, eta maskara kirurgikoak egongo dira ikastetxean, norbaitek sintomak dituenerako, eta higienikoak, irakasleentzat.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Hezkuntza Osasun albisteak Koronabirusa