Gizartea -
Garraio publikoa
Hendaiako Euskotreneko geltoki berria, martxan
Terminal berrian nasa handitu eta trenbideak bikoiztu dira azken zatian. Horrela, COVID-19ak eragindako pandemiaren ostean, mugaz gaindiko trenbide-komunikazioak berrezarriko dira.
Agentziak | Erredakzioa
Euskotrenek Hendaian irekiko duen geltoki berria, 5,3 milioiko inbertsioa behar izan duena, gaur, astelehena, jarriko dute martxan. Euskal Trenbide Sareak egindako terminal berriak aurrekoaren azaleraren bikoitza du, eta bideen bikoizketak bigarren tren bat aparkatzea eta maiztasunak 15 minutura handitzeko aukera eskainiko du.
Euskal Trenbide Sareak jakinarazi duenez, geltoki berria irekitzearekin batera, COVID-19ak eragindako pandemiaren ostean, mugaz gaindiko trenbide-komunikazioak berrezarriko dira.
Ohar baten bidez zabaldutakoaren arabera, terminal berrian nasa handitu eta trenbideak bikoiztu dira azken zatian. Jarduera horiei esker, "erabiltzaileei zerbitzu hobea eskainiko zaie, segurtasuna areagotuko da eta irisgarritasuna optimizatuko da".
Proiektu hori 2017ko abenduaren 20an Frantziako Trenbideen Sozietate Nazionalak (SNCF) eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) sinatutako hitzarmen bati esker gauzatu da. Akordio horretan, SNCFk beharrezkoak diren lurrak uzteko konpromisoa hartzen zuen trenbidea bikoiztu ahal izateko, eta egun dagoen geltokia handitzeko. ETSk, bestalde, Frantziako trenbideetako mantentze-lanetako langileentzako bulego aurrefabrikatu zaharrak kendu, eta berriak jarri ditu haien ordez.
Halaber, ingurua urbanizatu du, eta guztira 48 plaza hartzen dituzten bi aparkaleku eraiki ditu beharginentzat. Aurreko fase batean, geltoki zaharra eraitsi zen eta behin-behineko bat eraiki zen Hendaia abiapuntu eta helmuga duten bidaiariei zerbitzua emateko. Hendaiatik 150 metrora zegoen, eta bederatzi hilabetez egon da martxan.
Geltoki berriak 198 metro koadro ditu (aurrekoak 84 zituen), eta hauek daude bertan: itxarongela bat, txartelak saltzeko hiru makina, bidaia-txartelak balidatzeko bost makina, bi armairu dituen ikuskatzaile-gela bat, eta aldagela bat, komuna eta garbiketa-gela.
Erdiko nasak, lau metroko zabalera eta 91 metroko luzera duenak, aurrekoa ordezkatzen du (albo batean zegoen eta 1,9 metroko zabalera zuen). Hendaiako geltoki berriarekin batera, bi lotura berri hasiko dira zerbitzuan. Lehena Irun-Kolon, egun dagoena ordezkatuko duena, eta bestea, berria, Irun-Ficoba.
Euskal Trenbide Sareak, gainera, seinaleztapena aldatu du Hendaian bigarren bidea agertu delako, eta seinale berriak jarri ditu Ficoban, geltoki horretan trenak gurutzatu ahal izateko.
Maiztasunak
Gaurtik aurrera, tren zerbitzuak 30 minutuko maiztasuna izango du, baina sarean egindako hobekuntzei esker, bidaiari gehien dabiltzanean 15 minutuan behin ibiliko dira trenak.
Euskotrenek Hendaian duen geltokiak 700.000 erabiltzaile inguru ditu urtero. Geltoki berria eraikitzeko lanak % 100ean finantzatu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearen, Akitania Berria eskualdearen, Euskal Hirigune Elkargoaren eta Hendaiako Udalaren babesa izan dute.