Gizartea -
Pau
Eutanasia leporatuta Baionan atxilotutako medikuak aske jarraituko du
Nicolas Bonnemaison medikua ez da kartzelara joango eta epaiketaren zain geratuko da. Biktimen senideek ez zuten salaketarik jarri anestesistaren kontra.
Erredakzioa
Paueko (Frantzia) Auzitegiak libre utzi du, epaiketaren zain, Nicolas Bonnemaison mediku anestesista, eutanasia aktiboa egitea leporatuta Baionan atxilotu zutena. Epaiketa izan arte epaitegiaren kontrolpean egongo da medikua.
"Pertsona ahulak toxikatzea" leporatuta ikertzen ari dira Bonnemaison. Baionako fiskalaren arabera, medikuari egozten dioten delitua "erabat debekatuta dago eta oso ekintza larriak" dira. 50 urteko medikuak aitortu zuen Norcuron sendagaia erabili zuela, arnas aparatuko muskuluak geldi ditzakeen produktua.
Dena dela, biktimen senideek ez zuten salaketarik jarri anestesistaren kontra, ezta Pirinio Atlantikoetako Mediku Elkartearen Kontseiluak ere.
Baionako Ospitaleko medikuak babes handia jaso du eta bere abokatuak behin baino gehiagotan esan duenez, "ez da bere ekintzetaz damutzen". Haren esanetan, "minutu batzuen buruan hiltzera zihoan jendeari sufrimendua laburtzea" zen medikuaren helburua.