Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Gizon bat atxilotu dute Zallan, bikotekidearen alabari sexu-erasoa egiteagatik
Ertzaintzak jakinarazi duenez, adin txikikoa da biktima. Zallako Udaleko talde guztiek erasoa gaitzetsi dute eta babesa adierazi diote erasoa jasan duen neskari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
43 urteko gizon bat atxilotu dute Zallan, bikotekidearen adin txikiko alabari sexu-erasoa egitea egotzita.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, joan den astelehenean izan zen erasoa herri horretan bertan, baina biktimak atzo kontatu zion gertatutakoa familiari. Antza, ezkutuan dagoen toki batera eraman zuen neska erasotzaileak, eta han egin zizkion sexu-gehiegikeriak.
Salaketa jarri ondoren, Ertzaintzak atzo atxilotu zuen gizonezkoa, eta epailearen aurretik pasatu ondoren, karguekin aske utzi zuten.
Gaitzespena
Zallako Udala osatzen duten talde politiko guztiek aho batez salatu dute gertatutakoa, eta babesa adierazi diete biktimari eta haren gertukoei.
Kaleratu duten oharrean jasotzen denez, "Zallako Udalak emakumeen kontrako edozein bortizkeria guztiz gaitzesten du eta edozein eraso sexistaren aurrean tolerantzia zero adierazten du".
Gizartean horrelako gertaerak ez dutela lekurik nabarmendu dute udal taldeek, eta emakumeen kontrako indarkeriaren kontra lanean jarraitzeko borondatea agertu dute. Herritar guztiei dei egin diete, halako erasoak salatzeko eta matxismoaren kontrako jarrera aktiboa izateko.