Gizartea -

Koronabirusa

Gutxienez 8 pertsona kutsatu ziren COVID-19arekin sanferminetako gosari batean

27 positibo kasu atzeman dituzte Nafarroan azken 24 orduetan. Tuterako agerraldian kutsatuak 34 dira jada. Ez da hildakorik izan atzotik.

Baimendutako jende kopuruak bete zuen Udaletxe plaza uztailaren 6an. Argazkia: EFE
Baimendutako jende kopuruak bete zuen Udaletxe plaza uztailaren 6an.
8 lagun kutsatu ziren Iruñean, uztailaren 6an hamarretakoa elkarrekin egin ondotik

1:21

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirus agerraldi berri bat izan da Iruñean eta uztailaren 6an egindako sanferminetako gosari batekin lotu du Nafarroako Gobernuaren Osasun Sailak. Zehazki, zortzi kutsatu atzeman dituzte kasu horri lotuta.

Agerraldi horri ostegunean ezagututako beste biak gehitu behar zaizkio: Tuteran, ezkontza bati lotuta, jada 34 pertsonari atzeman diete COVID-19 gaitza, eta Iruñean, familia batean gertatu den beste agerraldian, 6 kasu atzeman dituzte (kasu honi lotuta ez da kutsatu gehiago agertu azken orduetan).

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, orotara, 27 koronabirus kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan Nafarroan: 11 Tuterako agerraldiari dagozkionak, 7 San Fermin jaietako gosariari dagozkionak eta 9 Nafarroa osoan zabalduta, printzipioz elkarren arteko loturarik gabe.

Osasun Sailak kutsatutako pertsonen harremanak ikertzen jarraitzen du eta ez dute baztertzen kasu indibidualen eta kolektiboen kontaktu positibo gehiago aurkitzea.

Datu positibo gisa, azken 24 orduetan ez da inor hil gaitzagatik eta ez da inor ospitaleratu behar izan ere.

Gaur egun, 14 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19a dela eta Nafarroan, horietako bat ZIUn.

Iruñean, San Fermin bezperan, mahaia partekatu zuten gazte batzuk dira kutsatuak

Iruñeko agerraldi berriaren kasuan, elkarri lotuta dauden hainbat positibo atzeman dira azken orduetan. Antza denez, horien denen artean, hilaren 6an ospatutako gosari bat eta aisialdi-guneetan izandako hainbat kontaktu dituzte amankomunean.

Azterketa epidemiologikoari esker, aurretik detektaturik zuten positibo bat eta ostiralean atzemandako zortzi kasu elkarrekin lotuta daudela ondorioztatu du Osasun Sailak. Gazteak dira kutsatu gehienak eta San Fermin bezperan mahaia partekatu izana da lotura nagusia.

Kutsatu horien harremanak aztertzen ari dira orain familian zein gizarte-ingurunean.

Gaitzaren inkubazio epea bat dator gosariaren testuinguruarekin eta ikerketa epidemiologikoak zabalik jarraitzen duen arren, hori da hipotesia nagusia.

Tuterako ezgaitasun-zentroan negatibo eman dute guztiek

Bestalde, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du Tuterako Desgaitasunaren Arreta Integralerako Zentroan (CAIDIS) egindako proba eta lehen PCR guztiek negatibo eman dutela. Tuterako ezkontzaren harira, positibo batek bertan lan egiten zuela ikusita, froga egin zitzaien bertako langile eta erabiltzaileei eta guztiek negatibo eman dute. Egun batzuk barru PCRak errepikatuko dira protokoloei jarraituz.

Positibo hori eta herriko testuinguru orokorra kontuan izanda, neurri bereziak hartu ziren zentro horretan eta adinekoen beste hiru egoitzatan, bisitak debekatuz.

Tuterako agerraldia 34 kasura igo da azken orduetan eta ez da baztertzen positiboago gehiago aurkitzea, nahiz eta jada ez liratekeen ezkontzarekin lehen mailako lotura izan zuten pertsonak izango.

Gainera, beste hiru koronabirus kasu ere erregistratu ziren Tuteran ostiralean, agerraldi handi horrekin loturarik ez dutenak printzipioz, eta horien kontaktuak isolatu eta aztertzen ari dira.

Beste bost kasu ere izan dira Nafarroa osoan. Horren harira, Tafallako Udalak herrian atzemandako bi kasuren berri eman du gaur, eta segurtasun neurriei eusteko deia egin du.

Maskara erabiltzeko deia

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak toki irekietan zein itxietan maskarak erabiltzeko eskatu zuen atzo: "Oraingoz eskaera da, mahai gainean dauden beste neurri batzuen alde on eta txarrak ikusita", esan du Indurainek. Era berean, familiarteko zein lagunarteko bileretan zuhurtziaz jokatzea eskatu du kontseilariak eta horietan ere maskara janzteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Tutera Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Osasunbidea gaur