Gizartea -

Entzuketak, Erresuma Batuan

JK Rowlingek eta Hugh Grantek entzuketen auzian deklaratuko dute

46 lekukok deklaratuko dute Erresuma Batuko legez kanpoko entzuketen auzian. Lekukoek zuzenean edo abokatu baten bitartez deklaratu ahal izango dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

JK Rowling, Hugh Grant, Sienna Miller eta Madeleine McCann desagertutako umearen gurasoak Erresuma Batuko News of the World igandekariaren legez kontrako entzuketak argitzeko deklaratzera deituko dituzten 46 lekukoen zerrendan ageri dira.

Brian Leveson epaileak prentsaren jardunbide "eztabaidagarriak", hedabideen kultura eta etika eta politikariekin eta Poliziarekin duen harremana aztertuko ditu ikerketaren lehen fasean, eta biktimen auziari ere helduko dio.

Zerrenda horretan agertzen diren izen ezagunen artean, Max Mosley FIA Nazioarteko Automobilismo Federazioko presidente ohia, Paul Gascoigne futbol jokalari ohia eta Milly Dowler hildako ikaslearen gurasoak ere badaude. Lekuko horiek zuzenean edo abokatu baten bitartez deklaratu ahal izango dute.

Bigarren fasean, igandekari sentsazionalistaren telefono-entzuketak ikertuko ditu, baina Poliziaren ikerketa bukatu arte ezingo du fase hori abiatu, eta oraindik ez dute esan noiz bukatuko den.

David Cameron lehen ministro britainiarrak agindu zuen ikerketa joan den uztailaren 13an, eta legez kontrako jardunbideak argitzeko ikerketa sakona agindu zuen.

News of the World itxi egin zuten, hainbat urtetan eta modu sistematikoan, esklusibak lortzeko, pertsona ospetsu, kazetari eta pertsona arrunt askoren sakelako telefonoak espiatu zituztela zabaldu zenean sortu zen eskandaluagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea