Gizartea -
BEGOÑAKO AMA
Begoñako Amaren gaueko erromesaldia bertan behera geratu da
Bilboko Udalak bertan behera utzi ditu Begoñako "amatxu" egunaren harira egiten dituen ekitaldiak, hala nola alkatearen aurresku mediatikoa hiriko zaindariaren omenez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koronabirusaren pandemia dela eta, Bilboko Gotzaindegiak abuztuaren 15ean Begoñako basilikara egiten den gaueko erromesaldia bertan behera utziko duela iragarri du asteazken honetan.
Gotzaindegiak bertan behera utzi ditu Bizkaia osoko fededunak biltzen zituen 04:00etako eta 05:00etako mezak, Egun osoan zehar, gainera, bi ordutik behin bakarrik egongo da meza.
Eukaristia horietara joateko asmoa duten eliztarrek Gotzaindegiak ospakizun honetarako sortutako web orri batean izena eman beharko dute. Tenpluan 255 pertsona baino ezingo dira sartu, eta eliza desinfektatu egingo dute meza bakoitza eman ostean.
Gainera, kanpoaldean jendetzarik bil ez dadin, Bilboko Udalak bertan behera utzi ditu Begoñako Amaren omenezko egunaren harira egiten dituen ekitaldiak; alkatearen aurresku mediatikoa hiriko zaindariaren omenez, eta basilikaren inguruetan egiten den erromeria, besteak beste.
Juan Mari Aburto alkatea eguerdian Mario Iceta gotzainak egingo duen meza nagusira joango da.