Gizartea -

KORONABIRUSA

Noiz eta nola erabili behar da maskara?

Eusko Jaurlaritzak zenbait jarraibide argitaratu ditu herritarrek maskarak nahitaez erabiltzeari buruz dituzten zalantza ohikoenak argitzeko.

Bi emakume musukoa jantzita Gasteizen. Argazkia: EFE
Bi emakume musukoa jantzita Gasteizen.
Bi emakume musukoa jantzita Gasteizen. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko asmoz, maskara erabiltzea derrigorrezkoa da ia eremu guztietan eta egoera gehienetan. Hala ere, badaude salbuespen kasu batzuk ere. Gida honetan Eusko Jaurlaritzaren irizpideak bildu ditugu, ohiko zalantzak argitze aldera. 

EREMU SOZIALA

1. Maskaren erabilera derrigorrezkoa da bide publikoan eta aire zabaleko eremuetan.

Pertsonen arteko tartea edozein dela ere, nahitaezkoa da maskara erabiltzea, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan, bai erabilera publikoko gune itxietan edo jendearentzat irekita dauden lekuetan.

Betebehar hori ez da derrigorra izango gaixotasun-motaren bat edo arnasketa-zailtasunen bat duten eta maskararen erabileraren ondorioz larriagotu daitekeen pertsonen kasuan, edo, daukaten desgaitasun- edo mendekotasun-egoera dela eta, maskara kentzeko autonomiarik ez dutenen kasuan edo dauzkaten jokabide-nahasmenduen ondorioz haren erabilera bideraezina den kasuetan, ez eta 21/2020 ELDko 6.2 artikuluan aurreikusitako egoeretan ere.

Halaber, nahitaezkoa da maskara erabiltzea erabilera komuneko espazio pribatuetan, hala nola eskaileretan, urbanizazioetako lorategi pribatuetan, solariumetan, zabaltzetan edo antzeko lekuetan.

ENPLEGU-EREMUA

1. Lan-zentroetan, publikoak zein pribatuak izan, maskara erabili behar da lanaldian, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia gordetzen bada?

Lantokietan nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea. Betebehar hori ez da eskatuko lan-baldintzak bereziak kontuan hartuta, laneko osasun-zerbitzuek ez erabiltzea gomendatzen duten kasuetan. Gainera, 1,5 metroko segurtasun-distantzia gorde beharko da.

KIROL-EREMUA

1. Kirola aire zabalean egitean, maskara eraman behar dut?

Bai. Bakarka edo bizikideekin bakarrik egin ahal izango da kirola eta musukoa erabiltzea derrigorrezkoa da.

2. Sei urtetik gorako umeak parkean edo futbolean jolasten ari direnean, besteak beste, maskara eraman behar dute?

Nahiz eta deserosoa izan daitekeen maskara jantzita jolastea, hura erabiltzea derrigorra da pertsona horientzat ere.

3. Mendira noa, bakarrik. Maskara eraman behar dut?

Ez, ez da beharrezkoa. Egoera horrekin parekatu beharko dira hemen deskribatu ez diren gainerakoak, baina banako jarduerak direnak, aire zabalekoak eta beste pertsona batekin kontakturik eragiten ez dutenak.

4. Bidegorritik bizikletan noa lanera. Maskara beti?

Aire zabaleko jarduera fisikoarekin parekatzen da eta, ondorioz, maskara erabiltzea derrigorrezkoa da.

5. Gimnasio baten barruan, kirola maskara jantzita egin behar dut?

Bai, derrigorra da maskara erabiltzea gimnasio baten barruan.

GARRAIO-EREMUA

1. Gidariek maskara eraman behar dute?

Tranbiako, trenbideko, metroko, funikularreko eta autobuseko langile guztiek dute bezeroarengandik bananduta gidatzeko kabina edo pandemian jarritako banantze-manparak. Horrenbestez, maskara erabiltzeko derrigortasuna gidatzeko aldian ez da hain zorrotza izango, baina, horretarako, bakarrik egon beharko dute bidaiari-lekuetan.

Txanda-aldaketak daudenean, sartzen denak eta irteten denak maskara jantzita eraman beharko dute, eta eskuak garbi.

Txanda hartzen denean, ibilgailura maskararekin sartu beharko da, eta garbitu egin beharko da, horretarako bere esku dauden produktuen bidez.

2. Autoaren barruan maskara eraman behar dut?

Ez da beharrezkoa autoan bakarrik edo bizilagunekin bidaiatzen bazara. Beste edozein kasutan, bada derrigorra.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, berriz, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Zer ezin daiteke egin Euskal Herrian? Maskarak covid-19