Gizartea -
Senitartekoen oharra
Hondarribiko Alardean hildakoaren sendiak 'hausnarketa' eskatu du
"Horrelako gertakariak errepikatu ez daitezen", "hausnarketa sakona" eskatu diete Irun eta Hondarribiko Udalei hildako emakumearen senitartekoek.
Erredakzioa
Kartutxo baten takoak jota hil zen Mari Carmen Gonzalez Sagarzazu hondarribiarraren senitartekoek, "hausnarketa sakona" eskatu diete Hondarribiko eta Irungo Udalei, baita alardeetako antolatzaileei eta herritarrei ere, "horrelako gertakariak errepikatu ez daitezen".
Hildakoaren senitartekoek heriotzaren gainean ardurak argitzeko auzian aurkeztuko direla iragarri dute ohar batean. Bestalde, Irun eta Hondarribiko Udalei "tiro egiteko baimena ez dagoen tokietan horrelako istripu gehiago ez gertatzeko" gogoeta eskatu diete.
65 urteko hildako emakumea, Alardea ikusten ari zen Bernat Etxepare kaleko bere etxebizitzako balkoian joan den irailaren 8an, kartutxo zati batek jo zionean.
Senitartekoek "eskerrik beroenak" eman dizkiete ohar honen bitartez laguntza eskaini dieten guztiei.