Gizartea -
Tratu txarrak
Gizon bat inputatu dute Leitzaranen, bizilagun baten txakurrari tiro egitea egotzita
Agenteek lau bala-talka aurkitu zituzten etxolaren aurrealdean eta beste bat barrualdean. 46 urteko bizilagun batek erantzulea zela onartu zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Foruzaingoak gizon bat inputatu du Leitzaranen, etxeko animaliei tratu txarrak ematea leporatuta, bizilagun baten txakurrari tiro egin ziola onartu ondoren.
Txakur horren jabeak aurkeztu zuen salaketaren arabera, txakurra etxeko lursailean zegoen, etxola barruan lotuta, tiro bat entzun zuenean. Jarraian, hainbat oihu eta kexu entzun zituen.
Animalia ikustera joan zenean, lurrean topatu zuen, muturretik odola zeriola. Hori dela eta, ebakuntza kirurgikoa egin behar izan zioten, premia handiz. Jabeak salaketan gaineratu zuenez, ez zen txakurrari tiro egiten zioten lehen aldia.
Foruzainek lau bala-talka aurkitu zituzten etxolaren aurrealdean eta beste bat barrualdean, bai eta gertakariak argitzen lagundu zuten hainbat froga ere.
Susmagarria 46 urteko bizilagun bat zen, eta handik gutxira bere borondatez onartu zuen bera zela erantzulea.