Gizartea -

Koronabirusa

Modernak 27 eta 31 euro arteko "pandemia prezioa" jarriko die bere txertoei

Prezioa eskatzen den txerto kopuruaren araberakoa izango da, farmazeutikoak zehaztu duenez.

Moderna txertoa ari da garatzen. Argazkia: EFE.
Moderna txertoa ari da garatzen
Moderna txertoa ari da garatzen. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Moderna farmazeutikoak adierazi du COVID-19aren aurkako txertoa, dosiko, 27 eta 31 dolar arteko prezioarekin jarriko duela salgai. "Pandemia prezioa" dela esan dute, eta prezioa eskatzen den txerto kopuruaren araberakoa izango da.

"Mundu osoko Gobernuekin ari gara lanean txertoa unibertsala izan dadin, beraien ordaintzeko gaitasuna edozein dela ere", ziurtatu du Stephane Bancelek, Modernako kontseilari delegatuak.

Salneurria baxuagoa izango da kantitate handiak erosten dituzten herrialdeentzat, konpainiaren hitzetan. Zenbait milioitako eskari bat, aldiz, eskari txikitzat hartuko lukete, eta asteazkenean iragarritako prezioak izango lituzke.

Pfizer ere ari da garatzen txerto bat, BioNTech alemaniarrarekin batera, eta 19,50 dolarreko (16,4 euro) prezioa iragarri zuen. Pfizerren txertoa ere, Modernokoa bezala, 3 faseko hasieran dago, hau da, fidagarritasuna eta segurtasuna ziurtatzeko proba kliniketako azken fasean.

Uztailaren amaieran, Modernak, gordailuetan, 400 milioi dolar  (336 milioi euro) zituen jasoak, mRNA-1273 txertoaz hornitzeko. Interesa agertu duten zenbait herrialderekin negoziatzen ari da.  

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak, apirilean, 483 milioi dolar (406 milioi euro) ordaindu zituen, eta, gerora, beste 472 milioi (397 milioi euro), txertoa garatzeko.

Moderna Osasun Institutu Nazionalekin ari da elkarlanean, mRNA-1273 txertoaren garapenean eta proba klinikoetan. Txertoak RNA mezulariko  teknologia erabiltzen du, eta, gizakiekin egindako lehen probetan, emaitza itxaropentsuak eman ditu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Kontsumoa Txertoak egutegia Koronabirusa olatu berria Industria farmazeutikoa Sendagaiak albisteak