Gizartea -

Koronabirusa

Gaztela eta Leonek Aranda Duero bakartu du, COVID-19aren eragin handiagatik

Udalerria Burgosen dago, eta 32.000 biztanle baino gehiago ditu. Ostiral honetatik, 14 egunez izango da bakartuta.

Neurria ostiral honetan sartuko da indarrean, 14 egunez. Argazkia: EFE.
Neurria ostiral honetan sartuko da indarrean, 14 egunez
Neurria ostiral honetan sartuko da indarrean, 14 egunez. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaztela eta Leongo Gobernuak euste-plana onartu du, 32.000 biztanletik gora dituen eta Burgosen dagoen Aranda Duero 14 egunez bakartzeko; izan ere, koronabirusaren eragin-tasa handia da bertan. Planaren helburua da gaitzaren balizko transmisio komunitarioa geldiaraztea.

Plana ostiraleko 08:00etan sartuko da indarrean, Gaztela eta Leongo Aldizkari Ofizialean argitaratuta, eta, horren ondorioz, Aranda Duero 1 fasera bueltatuko da. Arandan gero eta kutsadura-kasu gehiago daude; oinarrizko osasun-eremuetan, ostegun honetan, ia 200 kasu zenbatu dituzte: 131 Iparraldeko eremuan, eta 68 Hegoaldekoan.

Bakartzea, berez, 14 egunerakoa da; baina epea luzatzeko aukera dago. Arandan soilik ezarriko dute, ez inguruko udalerrietan, Gaztela eta Leongo Gobernuak Burgosen duen ordezkariaren esanetan. Kutsatuen batez besteko adina 35 urtekoa da, eta gehienak asintomatikoak dira.

Euste-planean, ondorengo neurriak daude: Aranda Duerora sartzea eta bertatik irtetea mugatua izango da; Arandako errepideetatik ibilgailuz joatea baimenduta egongo da, baldin eta ibilbidearen jatorria eta helmuga udalerritik kanpo badaude; Aranda Dueroko herritarrek baimenduta izango dute kaleetatik ibiltzea, oinez edo autoz, baina aholkua da zirkulazioa ahalik eta gehien murriztea eta funtsezkoak ez diren jarduerak saihestea; eta adinekoen egoitza-zentroetan, bisitak eta egoiliarren irteerak bertan behera utzi dituzte.

Gainera, gehienez, hamar herritar bildu ahalko dira, leku publikoetan zein pribatuetan, elkarrekin bizi diren pertsonak ez badira, eta lagunarteen jarduerak bertan behera utzi dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gaixotasunak albisteak Burgos albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa olatu berria