Gizartea -
ERASOA
Autobus-gidari bat jipoitu dute Hendaian
Bidaiari batek lo hartu zuen autobusean, eta ibilbidearen amaieran gidariak esnatu eta jaisteko esan zionean gertatu zen erasoa. Ostikadak eman, eta hainbat gauza jaurti zizkion.
EITB.EUS
Autobus-gidari bat jipoitu eta mehatxatu zuen gazte batek, joan den asteazkenean, Hendaian. Zabaldutako informazioaren arabera, 25 urteko gizonezkoa Donibane Lohizunen igo zen autobusera, eta lo geratu zen. Ibilbidearen amaieran gidariak esnatu eta ibilgailutik jaisteko eskatu zionean gertatu zen erasoa.
Antza, gazteak etxera eramateko eskatu zion gidariari, eta hark ezetz erantzun zionean, ostikoka hasi zitzaion. Pastel zati bat eta lata bat ere jaurti zizkion, eta Baionan duela hilabete hil zuten autobus-gidariak bezala amaituko zuela egin zion mehatxu.
Erasotzailea atxilotu egin zuten, eta Baionako Epaitegira eraman ondoren, irailaren 7rako jarri diote epaiketarako hitzordua. Bien bitartean, espetxera bidali dute. Gidariak, bere aldetik, baja hartu du.
Baionako gidariaren hilketa izan eta hilabetera gertatu da Hendaiako erasoa. Musukoa janzteko esateagatik jipoitu zuten 58 urteko gidaria. Ospitalean hainbat egun igaro ondoren, uztailaren 10ean hil zen.
Ipar Euskal Herriko garraio zerbitzuko langileak eta erabiltzaileak haserre daude, azkenaldian izandako erasoak direla eta.