Itxi

2020/08/13

20:59

Gizartea

Alpeak

Hiru euskal herritar hil dira eta beste bat desagertuta dago Suitzako arroila batean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ekaitz gogor batek ezustean harrapatu zituen Alloko, Güeñesko eta Uharte-Arakilgo lau turistak arroila bat jaisten ari zirenean.

1:21
Istripua Suitzan. ETBren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Hiru euskal herritar turista hil dira, eta beste bat, Alloko (Nafarroa) bizilaguna, desagertuta dago Suitzako Parlitobeleko arroilan, St. Gallen kantoian, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzako iturriek jakinarazi dutenez. Arroila-jaitsiera praktikatzen ari zirela, istripua izan zuten.

Aipatutako iturrien arabera, sei laguneko talde bateko kideak ziren, eta horietako bi, bi emakume, hotelean zeuden istripua gertatu zenean.

Alloko, Uharte-Arakilgo eta Güeñeseko turistak ezustean harrapatu zituen ekaitz gogor batek, polizia kantonalak jakitera eman duenez. Gaur goizean, hiru gorpu berreskuratu dituzte.

Atzo, 16:00ak aldera, bi emakumeak gizonezkoengandik banatu ziren, eta haiekin geratu ziren arroilaren atzealdeko leku zehatz batean, izan ere, oinez jaistea erabaki zuten tokiko bide batetik.

18:30ak aldera, ekaitz handi bat izan zen inguruan: metro koadroko 25 eta 30 litro arteko prezipitazioak izan ziren eta hiruko eskalan biko arriskua ezarri zen. Emakumeek, lau gizonak adostutako lekuan agertzen ez zirela ikusita, poliziari deitu zioten ordu erdi inguru geroago.

Urpekariek, txakurrek eta lau helikopterok osatutako sorospen zerbitzua ezbeharra gertatutako eremuan lanean dabil, eta asteazken arratsaldetik bertara sartzeko bidea itxita dago.

Suitzako agentziak adierazi zuenez, turistek arroila gidaririk gabe jaitsi zuten eta euren kontura bidaiatzen zuten inguru hartan. Kirol horren zaletuek maiz jarduten dute inguru horretan.

Bi emakumeek arreta psikologikoa jaso dute hotelean, eta Espainiako kontsulatuak gorpuak aberriratzeko tramiteak hasi ditu dagoeneko.

Nafarroak "dolumina" adierazi du

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek "doluminik sentituena" adierazi die hildakoen senideei.

Lizarran hedabideei egindako adierazpenetan, Indurainek doluminak eman dizkie biktimen senideei eta Alloko alkateari (hiru nafarretatik bi bertan bizi ziren).

Suitzan zegoen taldeko bi emakumeentzat ere maitasun-hitzak izan ditu, ezbeharra gertatu baino lehen hotelera itzultzea erabaki zutelako, eta "emozionalki egoera gogorrean" egongo direlako.

Alloko Udalak zazpi eguneko dolu ofiziala ezarri du, bertan behera utzi ditu programatutako ekitaldi ofizialak, eta erabaki du banderak krespoi beltz batekin jartzea, dolu keinu gisa.

Gainera, Nafarroako alderdiek doluminak agertu dituzte Twitterren jasotako mezu ezberdinetan.

Bestalde, bai Nafarroako Mendizale Federazioak baita Nafarroako Bilaketa, Salbamendu eta Ingurumenaren Babeserako Talde Elkarteak "atsekabe sakonena" adierazi diete hildakoen senide eta lagunei.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;