Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroak segurtasun-tarterik gabe erretzea debekatu du; tabernak, 01:00etan itxita

Gainera, Foru Erkidegoak zentro sozio-sanitarioetako bisitak muriztu ditu. Neurriak abuztuaren 18an sartuko dira indarrean, asteartearekin.

Segurtasun-tarterik gabe, debekatuta dago Nafarroan erretzea. Argazkia: EFE.
Segurtasun-tarterik gabe, debekatuta dago Nafarroan erretzea
Segurtasun-tarterik gabe, debekatuta dago Nafarroan erretzea. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroak erabaki du bere arauak egokitzea COVID-19aren berragertzeak geldiarazteko Lurraldeen arteko Osasuneko Kontseiluak adostutako murriztapen berrietara; hala, astearte honetatik, pertsonen arteko segurtasun-tarterik gabe, debekatuta izango da erretzea, tabernek 01:00etan itxi beharko dute, eta zentro sozio-sanitarioetako bisitak murriztuko dituzte, besteak beste.

Nafarroako Gobernuak, hortaz, aurreikuspenak aurreratu ditu; astelehen honetan, ezohiko bileran, foru-dekretua onartu du, neurri guztiekin. Asteartean argitaratuko dituzte Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta segituan sartuko dira indarrean.

Foru Lege Dekretuak ezarritako berritasunik nagusienetakoa da bide publikoan eta aire zabalean erretzea debekatuta izango dela, pertsonen arteko segurtasun-tartea gutxienez bi metrokoa izatea posible ez bada. Tabakoa inhalatzeko edozein gailurekin ezarriko da neurria, bai eta urezko pipekin edo antzekoekin.

Hala, Nafarroa osoan, galarazita izango da alkohol-kontsumoa duten edozein ospakizun egitea ("botiloiak" eta antzekoak), bide publikoan edo zirkulazio publikoko beste edozein tokitan.

Taberna bereziko eta kafe-ikuskizuneko lizentzia duten establezimenduek, dantzalekuek eta diskotekek debekatuta izango dute jarduera; zuzeneko emanaldiak dituztenak, zein horiek ez dituztenak.

Horrez gain, ostalaritza-jarduerako establezimenduek, sukaldaritza-establezimenduek eta terrazek 01:00etan itxi beharko dute, lokala husteko lanak ere kontuan izanik; 00:00etatik, ezin izango dute bezerorik onartu. Dibertimendu-aretoek, ziberzentroek, bingo-aretoek, joko-aretoek et kirol-aretoek ere itxiera-ordutegi bera izango dute. 

Gastronomia-elkarteetan eta lagunarteetan, 01:00etatik aurrera, hustea barne, ezingo da jarduerarik izan.

Gaueko aisialdia

Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren ondorioek ere indarrean jarraituko dute, jai herrikoiak ospatu beharko zituzten udalerrietan, gaueko aisialdiari dagokionez: Foru Erkidego osoan, prebentziozko neurriak izango dira. Taberna bereziak, ikuskizun-kafeak, dantzalekuak eta diskotekak, aldiz, itxita izango dira.

Nafarroako Gobernuak nabarmendu du ostalaritzak "ahalegin handia" egin duela; sektore horretan, berriak ez diren neurriak ezarriko dituzte: barra-zerbitzuan, gutxienez 1,5 metroko tartea bermatu beharko dute tabernek, kafetegiek, jatetxeek eta terrazek. Halaber, mahaietan, gehienez 10 lagun bildu ahalko dira, eta mahaien artean gutxieneko tarte hori bermatuko da.

Osasun-arloan, epidemia-agerraldia egonez gero, osasun-agintariek PCR probak egingo dituzte arriskuko herritarrei: zentro sozio-sanitarioetako erabiltzaileei, transmisio komunitarioa duten auzoetako bizilagunei, hezkuntza-zentroetan, birusak eragina izandako etxeetako bizilagunei, bereziki ahulak diren gizataldeei, eta osasun-agintarien iritziz probak egin behar zaizkien herritar guztiei.

Egoitza diren zentro sozio-sanitarioetan, adinekoen eta desgaitasuna duten herritarren arloetan, PCRak egingo dizkiete egoitza horietan sartutako guztiei, gehienez 72 orduko aurrerapenarekin. Oporretatik edo lan-baimenetatik bueltan dauden langile guztiei ere egingo dizkiete proba horiek, bai eta langile berriei.

Gainera, bisitei dagokienez, gehienez pertsona batek bisitatu ahal izango du egoiliar bakoitza, eta gehienez ordubeteko bisita izan ahalko da egunero (bizitzaren amaieran dauden pertsonak kenduta). Egoiliarren irteerak, halaber, ahalik eta gehien murriztuko dituzte.

Jendetza handia biltzekoak diren ekitaldietan, baimena beharko da. Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak arrisku-ebaluazioa egin beharko du, Osasun Sistema Nazionalak ezarritako irizpideei jarraituz.

Ebaluazio hori eginda, eskumena duen erakundeak baimenduko du, Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak txosten loteslea emanda.

"Erabakik hartzeko garaia da", dio Nafarroako Gobernuak

Prentsaurrekoan, Nafarroako Gobernuko presidenteorde Javier Remirezek azpimarratu du "erronka handia" dutela aurretik, pandemiagatik, eta "erabakiak hartzeko garaia" dela, hori egiteko "beharra baitago"; kasu honetan, Gobernuak "zorroztasun eta sendotasun juridikoa du" horretarako.

Santos Indurain Osasun kontseilariak, bere aldetik, adierazi du "garai zaila eta erabakigarria" dela, "inork espero ez zuen uda baten erdian; udazkenean, COVID-19ak eskolarako bueltarekin edo gripearekin bat egingo du", eta horrek zalantzak sortu ditu, pandemiaren bilakaeraren inguruan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Osasun albisteak gaur Koronabirusaren Eris aldaera gaur