Gizartea -

Zaldibarko zabortegia

Sololuzeren gorpuzkiak topatutako lekuan beste 15 egunez arituko dira Beltranen bila

Alberto Sololuze lankidearen gorpuzkiak aurkitu dituzten gunean jarraituko dute bilaketarekin. Topatzen ez badute, baskula zegoen tokia arakatuko dute.

Zaldibarko zabortegia. Irudia: Irekia
Zaldibarko zabortegia
Zaldibarko zabortegia. Irudia: Irekia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joaquin Beltran, Zaldibarko zabortegiko luizian desagertu zen langileetako bat, bilatzeko lanek Alberto Sololuze bere lankidea aurkitu duten tokian jarraituko dute beste 15 egunez, Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez.

Gaur goizean zabortegiko jarduketen obra zuzendaritza bildu da, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburua buru dela.

Joan den astelehenean Alberto Sololuzeren gorpuzkiak aurkitu ostean, Beltranen bila jarraituko dute orain, inguru berean.

"Bila jarraitzen dugu, 2.500 metro kubiko geratzen dira Alberto agertu zen gunean, 1,5 metroko lodierako hondakinekin. Oso bilaketa zehatza egin beharko dugu; bi aste inguru beharko ditugu", azaldu du Elena Moreno sailburuordeak.

Sololuzeren gorpua baskularen hondakinekin batera agertu zen, baina haren jatorrizko kokalekua baino beherago.

Joaquin Beltran eremu horretan ez badago, bilaketa mendi-mazelan gora egingo da, hasiera batean baskula zegoen tokiraino, hau da egungo puntutik 30-40 metro gorago.

Sailburuordeak azaldu duenez, horrek lanak zailduko lituzke: "Ezponda baten gainean lan egitea suposatzen du, eta ia 350.000 metro kubiko ateratzea, baskularen ingurura segurtasunez iritsi ahal izateko". Hiruzpalau hilabete inguru beharko lirateke inguru guztia garbitu eta aztertzeko, eta lanok bukaerara arte jarraituko dutela ziurtatu du.

Aldi berean, segurtasun-biltegia amaitu behar da, ateratako hondakinak uzteko.

Teknikariek hasiera batean lau bilaketa-sektoretan banatu zuten zabortegia. Sei hilabete baino gehiagotan hiru sektore hustu zituzten, AP-8 autobidetik gertuen dagoen eremutik baskula zegoen lekuraino, lursaila sendotu ahala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak gaur Zaldibar Lur-jausiei buruzko albisteak Durangaldea albisteak