Gizartea -

Bahiketa faltsuak

Ertzaintzak telefono dei estortsiboen kanpaina berri baten berri eman du

Adituek lasai egotea eta biktimaren benetako egoera egiaztatzen saiatzea gomendatzen dute.

Telefono mugikor bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Telefono mugikor bat
Telefono mugikor bat. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzako Pertsonen aurkako Delituen Ataleko adituek gertuko senitarteko baten gezurrezko bahiketa batengatik erreskatea eskatzeko egindako telefono-deiak hauteman ditu azken egunotan. Ikerketari esker jakin ahal izan da, aurreko aldietan bezala, dei horietako batzuk atzerritik egin direla.

Joan den astelehenetik, abuztuaren 17tik, errepikatu egin dira kasuak, oraingoan Araban. Gasteizen 3 kasu erregistratu dira, eta Burgun beste bat, egun bakar batean. Dei horiek uztailean Bizkaian gertatutakoen izaera berekoak dira; izan ere, hamar bat telefono-dei erregistratu ziren, senidea askatzeagatik erreskatea ordaintzeko eskatuz.

Dei horiek telefono finkoen titularrei egiten dizkiete, eta berriemaileak jakitera ematen du deia jasotzen dutenen alaba bahituta dutela. Askatzeko diru-kopuru bat eskatzen dute, normalean 10.000 euro. Delitugileak familiak beldurtzen eta izutzen saiatzen dira, eta familiak, beraz, nahastu, larritu eta beldurtu egiten dira.

Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiak egindako ikerketari esker jakin ahal izan da era horretako hainbat dei Txileko telefono batetik egin dituztela. Ikertzaileen ustez, lehenago ere gertatu zen bezala, beste estortsio-kanpaina baten aurrean gaude.

Lasai egon eta biktimaren egoera egiaztatu

Ikertzaileek funtsezkoa dela lasai egotea eta ustez bahitu duten pertsonaren egoera erreala egiaztatzea adierazi dute; normalean biktimaren semea edo alaba izaten da. Horretarako, une horretan egon behar lukeen lekuan dagoen egiaztatzen saiatu behar da: ikastetxean, lanean, etxean… Funtsezkoa da beldurraren eraginez egoera aztertzeko eta zentzuz jokatzeko gaitasunak ez blokeatzea. Egoera agian ez dela benetakoa eta iruzur egiten ari direla balioetsi behar da.

Horrez gain, adituek ez ordaintzea eskatutako diru-kopurua eta berehala jartzea harremanetan Ertzaintzarekin larrialdietako 112 telefono-zenbakiaren bidez gomendatzen dute. Agenteek egiaztatuko dute ustez bahitu duten pertsona benetan non dagoen, eta delitugileak aurkitu eta atxilotu ahal izateko dagozkion ikerketak egingo dituzte. Kontuan izan behar da ustez bahitu duten pertsonarekin harremanetan jartzerik ez izateak agian estaldurarik gabeko leku batean dagoela edo telefono mugikorra piztuta izaterik ez duen leku batean egon daitekeela adieraz dezakeela, esate baterako, zinean, unibertsitatean edo ikastetxean.

Gainera, garrantzitsua da era horretako delituak salatzea, egileak identifikatzeko eta etorkizunean berriz ere antzeko estortsioak ez egiteko modu bakarra baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Bahiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak