Gizartea -

COVID-19

Lekeitio itxiko dute bertan behera utzitako San Antolin jaietan eta Antzar Egunean

Iraileko lehenengo asteburuan Lekeitiora sartu ahalko dira bakarrik han bizi, lan egin edota hotel-erreserba dutenak.

Lekeitioko 2019ko Antzar Eguna. Argazkia: EiTB
Lekeitioko 2019ko Antzar Eguna
Lekeitioko 2019ko Antzar Eguna. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19aren pandemiagatik San Antolin jaiak bertan behera utzi ditu Lekeitioko Udalak, eta udalerriaren irteerak eta sarrerak itxiko ditu Antzar Egunaren bezperan eta egun berean, irailak 5ean, jende-pilaketak saihesteko, Lekeitioko Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Hortaz, Lekeitiora sartu ahalko dira bakarrik han bizi, lan egin edota hotel-erreserba dutenak, eta ez da garraio publikorik egongo.

"Aurten ez da aurreko urteetan bezala, eta ezingo dugu jaiak ospatu COVID-19ak eragindako egoeragatik, jaien gainetik, guztion osasuna dagoelako, eta arduraz jokatu behar dugulako", azpimarratu du Udalak.

Gauzak horrela, auzokideei eskatu die jairik ez egiteko edota festa egitera gonbidatu dezakeen jokabiderik ez izateko, "bereziki jende-pilaketak izan daitezkeen egunetan, hau da, irailaren 1ean, Koadrilen Desfilean, eta Antzar Egunean, irailaren 5ean". 

Gainera, bisitariei eskatu diete Lekeitiora ez etortzeko, eta bertakoei "zentzuz aritzeko, orain arte bezala". "Konponbidearen parte izan gaitezen, ez arazoaren parte. Ez utz dezagun kontrolatu ezin daitekeen birusa hedatzea. Gure ekintzek ondorio larriak izan ditzakete gugan eta gure senideengan. Izan gaitezen arduratsu", eskatu du Udalak.

Koldo Goitia Lekeitioko alkateak argitu duenez, neurri hori hartu dute "Gernikan jazotako bera" saihesteko. Gernikako "ez-jaietan" koronabirus agerraldi bat izan zen, eta 100 lagun baino gehiago kutsatu ziren tabernetan solasean ibili ostean.

Bideoa: ''Arduraz'' jokatzeko eta Antzar Eguna ez ospatzeko deia egin du Lekeitioko alkateak:

''Arduraz'' jokatzeko eta Antzar Eguna ez ospatzeko deia egin du Lekeitioko alkateak
''Arduraz'' jokatzeko eta Antzar Eguna ez ospatzeko deia egin du Lekeitioko alkateak
''Arduraz'' jokatzeko eta Antzar Eguna ez ospatzeko deia egin du Lekeitioko alkateak

1:19
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Lekeitio Albisteak Jaiak Osasun albisteak Koronabirusa Lea-Artibai eskualdea